Usurbilgo Gaztetxearen 4. urtemugako kontzertu gaua ostiralean

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 20a, 11:06

Usurbilgo Gaztetxea 4. urtemugako ospakizun betean da. Testuinguru honetan, kontzertu gaua antolatu dute ostiralerako, irailak 23. Gaueko 23:00etan hasita, Joseba Tapia eta Besamotzak, Rukula eta Zozo gonbidatu dituzte, Alkartasuna Kooperatibaren egoitza ohira. Kontzertuetarako sarrera, 5 eurotan eskuratu ahalko da.

Honatx, 3 egun barru Gaztetxera datozen musikarien berri zehatzago, antolatzaileen eskutik jaso bezala:

Joseba Tapia eta Besamotzak 

"Joseba Tapiaren zuzenekoetarako egitasmo berria da, zuzenekoetan baizik entzun ezingo dena. Bere kantutegiko 14 kanta berritu eskainiko dizkio ikusentzuleari honako musikariak lagun: Joseba Tapia, gitarra eta ahotsa; Dani Narbarte, trikitixa eta gitarra (Laiotz); Iñigo Telletxea, baxua (Petti, Anje Duhalde, Borrokan, Xabier Montoia); Iker Iriarte, bateria (Betagarri). Kanta ezagun baina berriak dira, aspaldikoak bezain gaurkotuak. Zuzenean gozatzeko 14 kanta elektriko".

Rukula

"Rukula talde usurbildarrak giroa ederki asko berotzen du, jende guztia dantzan jarriz. Can´t Explain, Desegin taldeetako jendearekin osatuta dago, musika instrumentala jorratzen dute. Funk, rock, stoner, metal.....estiloak maixuki nahasten dituzte; batukada puntua ere bada bere repertorioan. Koktelera hau, zuzenean daukaten portaerarekin gehitzen da. Beraien energia erraztasun handiz transmititzeko gaia baitaukate. 20 minutuko emanaldia, eta Gaztetxea hankaz gora!!!".

Zozo

"Talde berria da. Pelax, Blaka, 3gabe2, Desegin... taldeetako jendez osatua. Mugarik ez duen rocka egiten dute soinu eta zarata bitxienak nahastuz".