50 urte bete ditu, hastapenetan Usurbilgoa eta hainbat usurbildarrena ere izan zen Lasarte-Oriako Landaberri Ikastolak. Mende erdia ospatzera doaz, asteotarako antolatu duten kultur hamabostaldi baten bueltan. Ikastolak hamarkadotan elkarlanean jorratu duen bidea omendu nahi dute. “Bide luzea, bide gogorra, ikusten denez denon artean posible egin duguna”, zioten ikastolako ordezkariek, ospakizunok aurkezteko aurreko astean egin zuten agerraldian.
Ikastolako sortzaileak omendu nahi dituzte baita, modu berezian. “Esker handienak, ikastola sortu zutenei, batez ere gurasoei, apustu handia eta izugarrizko ahalegin ekonomikoa eta lana egin behar izan zutelako, apustu ideologiko eta pedagogiko ikaragarria egin zutelako. Milesker sortzaileei, haiek gabe ez ginen egongo”, nabarmentzen dute. Horregatik, urtemuga hau, ziotenez, “oso aproposa izango da, lanean ibili diren guztiei omenaldi xume bat egiteko”.
Atzoko eta gaurko langile, guraso eta ikasleekin elkarlanean, denetariko ekimen mordoa antolatu dute guztiontzat. Egindako lana eskertu zuten, eta ondoko egitaraua aurkeztu. Lehen ekimenak jada egunotan ospatu dira. Ekitaldi gehiago, egunotan:
Landaberri Ikastolak, 50 urte
Urriaren 1era arte
Erakusketa udaletxeko Mercero aretoan. Ordutegia: egunero 17:30-20:00 artean eta larunbatetan 11:00-13:00 artean.
"Urte hauetan zehar atera ditugun argazki eta eskulan ezberdinak ikusteko aukera".
Irailak 21, asteazkena
19:00 PechaKutxa solasaldiak, Abend-en.
"Hainbat ikasle ohien bizitzak, ofizioak ezagutzeko aurkezpen laburrak".
Irailak 22, osteguna
18:00 Hitzaldia: "Lasarte-Oriako gurasoak: Biba zuek!" Kike Amonarrizen eskutik, Mirentxuenean.
Irailak 23, ostirala
22:00 Bertso berriak Landaberrin ibiliek jarriak, Kultur Etxean.
"Antzerki, musika eta abarrekin tartekatutako saioan, ikastolarekin zerikusia duten eta bertsotan ibili direnek ikastolari buruzko bertso jarriak eskainiko dizkigute".
Irailak 24, larunbata
09:00 Ibilaldia ikastolako eraikinak gogoratuz, Andre Joakina Enean hasita.
11:00 Haur jolasak, Okendon.
"Euria eginez gero, Loidi Barren frontoian".
12:30 Kantu Jira Txikia Xumelakoekin, Okendo inguruan.
17:00 Magia ikuskizuna Eriz magoarekin, Okendon.
"Euria eginez gero, Loidi Barren frontoian".
22:00 Rock kontzertua Okendon.
Irailak 25, igandea
10:00 Olinpiadak Mitxelinen.
"14 urtetik gorakoentzat. Taldeak, gutxienez, 10 eta gehienez, 12koak izango dira, neska mutilez osatuak (saia zaitezte orekatzen). Mota ezberdinetako jolas-jarduerak egingo dira. Saritu zure burua!
12:00 Poteoa txarangarekin, Mitxelindik Okendora.
Irailak 26, astelehena
18:00 Ipuin kontalaria, Mirentxuenean. "Beatriz Egizabalek eta Zesar Marcosek ipuin labur bat kontatuko dute sarrera gisa, ondoren ikasle eta guraso taldeek kontatuko dituzte haiek prestatutako ipuinak. Horretarako, aurreko astean tailer bat antolatuko da ikastolan bertan, ikasle eta atzerritar jatorriko guraso batzuekin".
Irailak 27, asteartea
Ikasle ohien bisita: Asier Arteaga eta Errealeko jokalari diren Ander Bardaji eta Iraia Iparragirre, Landaberri DBH-n eta Hipodromoko eraikinean.
Irailak 28, asteazkena
18:00 "Biolin Magikoa", Kultur Etxean. "Basilio Durpin lapur maitagarriaren abenturak ikusiko ditugu, mundua eta historian zehar ibiliko da altxor preziatuenaren atzetik: "Biolin Magikoa". Bidean musika, antzerkia, magia, dantza, mimoa eta barre mordoa topatuko ditugu, baina ez hori bakarrik, gure lapurrak luxuzko gonbidatuak izango ditu: Mozart, Beethoven, Paganini, Sarasate... Euskaraz sortutako lana. Bertan zuzeneko biolin emanaldia eta musikaren historiaren zati bat eskainiko zaizkigu hau guztia barre algarak eraginez. Horretarako, akzioz beteriko istorio fresko eta dibertigarri batean murgiltzen gaitu. 6-12 urte bitarteko ikusleengana helaraztea da gure nahia, baita hauen guraso eta laguntzaileengana ere, jakin badakigu eta, helduak noizbait haur bidai magiko zaleak izan zirela (eta norte pixka batekin oraindik ere badirela).
Irailak 29, osteguna
17:30 Argazki eta eskulan erakusketak irekita jarraitzen du udaletxeko Mercero aretoan.
Irailak 30, ostirala
22:00 Antzerkia kultur etxean: Landaberri Ikastolak 50 urte betetzen dituela eta bertan ibilitako ikasle ohiek idatzitako obra da. Hasierako garai zaharretan gertatutako kontakizuna da. Haur ziren garaian gertatutako pasadizoak kontatzen dira. Beraz egian oinarrituak. Landaberri ikastolan Lasarte-Oria eta Usurbilgo haurrak ibili ziren hasiera hartan eta halaxe irudikatu da. Autobusez mugitzen ziren haurrak eta bertako ibilerak ere antzeztuko dira. Garai haietan oso metodo berritzaileak erabili ziren ikastolan, horren testigantza eman nahi da. Bestalde, "Ministerio de Educación"eko inspektorearen bisita izaten zen noizean behin... Ikastola hura batez ere gurasoen ahalegin handi batek atera zuen aurrera. Orduko beraien kezkak ere ikusi ahalko dira. Eta bukatzeko, euskal udalekuak aipatuko dira eta gaur egungo ikastola denok ezagutzen dugunez, 50 urte muga honetarako propio asmatu den abestiarekin bukatuko da".
Urriak 1, larunbata
12:00 Lasarte-Oriako udal musika eskolako trikitilariak, Landaberri DBH-n hasita.
14:00 Bazkaria, Mitxelinen.
Antolatzailea: Landaberri Ikastola.