Neguko baratza prestatzeko tailerra, astelehenean Baratze Parkean

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 22a, 07:27

"Neguan baratza udan bezain polita eduki nahi? Has gaitezen bada ordurako baratza prestatzen: orain jarri daitezkeen barazkiak zeintzuk diren ikasiko dugu, betikoak, baita berriak ere... Horrela neguan ere gure barazkiekin entsaladak ere prestatzen jarraituko dugu!". Hortxe Kutxa Ekoguneak eta Usurbilgo Udalak irailaren 26rako, 18:00-19:30 artean udal baratze parkean antolatu duen saioa. Baratze parkeko erabiltzaileez gain, edonork parte hartu ahalko du tailerrean. Eta doan. Honez gain, Furgobaratza ere bertan izango da. "Furgobaratza zerbitzua ere egongo da (aholkularitza baratzeko gaietan, plantel eta hazi ekologikoak…)", ohartarazi dute antolatzaileek.

Produktu fitosanitarioen erabiltzaile txartela lortzeko ikastaroa

Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatibak eta Hazi Landa eta itsas ingurunearen garapenerako Eusko Jaurlaritzaren Korporazioak, zenbait produktu fitosanitario erosi eta erabili ahal izateko derrigorrezkoak diren txartelak lortzeko ondorengo ikastaroak antolatu dituzte:

-Profesionalei zuzenduriko ikastaroa (nekazaritza-ustiategi txartela duena edo bere lanean produktu fitosanitarioak erabiltzen dituena):

Epea: irailaren 26tik 29ra eta urriaren 3tik 4ra Usurbilen.

Izen ematea eta informazioa: Fraisoro Eskola.

Tlf: 943 69 21 66/fpefraisoro@hazi.eus

Informazio gehiago: hazi.eus

-Oinarrizko txartela lortzeko ikastaroa:

Epea: irailaren 19tik 23ra Usurbilen.

Zehaztasunak: "25 orduko ikastaroa da, eta goizeko ala arratsaldeko ikastaroan izena eman dezakezu".

Izen ematea/informazioa: Alkartasuna Kooperatiba, 943 361 114, alkartasuna@usurbil.com, alkartasuna.eus

Esperientzia Eskola

Astearte honetan hasi dute, 55 urtetik gorako herritarrei zuzendutako Esperientzia Eskolaren ikasturte berria. “Lan mundua utzi ostean, esperientziak landu, elkar-trukatu eta ezagutza berriak eurenganatzeko proiektua da. Partaideen garapen pertsonala sustatzea du helburu, ikuspegi fisiko, psikiko eta sozial batetik. Bide bertsutik, taldeak herri-mailan eta gizartean eragiteko duen ahalmena ere lantzen da; hau guztia errealitate soziala aztertzeko eta interpretatzeko bitartekoak emanaz”, berri eman dute.

Ekainera arte, astearte arratsaldero bilduko dira bi orduz Artzabalen. “Gai-zerrenda oso zabala lantzen dute partaideek: arnasketak, osasun-zainketa, komunikazioa, informatika, musika, literatura eta abar luze bat. Hau guztia oso modu ireki eta parte-hartzailean burutzen da, eta partaideek ez dute inolaz ere aurretiazko esperientzia edo ezagutzarik izan beharrik”, ohartarazi dute Esperientzia Eskolakoek. Izen ematea Gizarte Zerbitzuetan bideratu behar da (Nagusia 43 edo 943 377 110).

Kantu Taldearen entseguak

Asteroko entseguei asteartean, irailaren 20an ekin zien Kantu Taldeak. Aurrerantzean, ohi bezala, 18:30-19:30 artean Udarregi Ikastolako kantu gelan bilduko dira. Hurrengo kantu-jira berriz, irailaren 24an 19:00etan, Mikel Laboa plazatik abiatuta. Kantu-liburuxka berrien plazaratuko dira.

 

Usurbil Judo Kluba

Larunbatetik, irailaren 10etik aurrera bideratu ahalko da inskripzioa Oiardo Kiroldegian. 5-7, 8-12 eta 12-14 urte artekoentzako ikastaroak eskainiko dituzte. Baita helduentzako judoa ere. “Irailean izena ematen duen ororentzat judogia oparitan”, berri eman dute Usurbil Judo Klubetik. Taldea sarean, helbide honetan aurki dezakezue: jcusurbil.com

Oiardo Kiroldegia

Orbeldi Dantza Taldea

Urriaren 3an abiatuko duten ikasturte berrirako izen emateko epea ireki du Orbeldi Dantza Taldeak. Honatx inskripzioari eta ikasturte berriko eskaintzari dagozkion zehaztasunen berri:

Izena emateko eta informazio gehiagorako: orbeldi.udt@gmail.com

Eskaintza:

-Haurren dantza taldea. Astean ordubete. Ordutegia adosteko bilera irailaren 23an 18:30etan, Oiardo Kiroldegiko egoitzan. Urteko kuota: 70 euro (anai-arreben kasuan, bakoitzak 60 euro). Kuotaren ordainketa, azaroan.

-Helduentzako eskaintza: erromeria dantzak (asteazkenetan 19:30-21:00 artean), euskal dantzetan oinarritutako koreografiak (astelehenetan, 19:30-21:00 artean), euskal dantza tradizionalak (izen emandakoen artean zehaztuko da ordutegia). Urteko kuota: 75 euro (familiako bat baino gehiago egonez gero, bakoitzak 65 euro). Kuota ordainketa, azaroan.

Oharra: ikasturte hasiera, urriaren 3an.

Deitzailea: Orbeldi Dantza Taldea.

KzGunea, iraileko eskaintza

Ikastarook programatu dituzte asteotarako:

Urriak 3-14, 16:00-18:00: “Komunikatu zaitez Sare Sozialen bitartez”.

Urriak 17-28, 16:00-18:00: “Ofimatika tresnak-Libre Office”.

Informazio gehiagorako:

943 023 684

tutor.usurbil@kzgunea.net

Kale Nagusia, 37 (irailean 09:00-13:00 artean zabalik)

Etumeta AEK

Familia barruko transmisioan eragiteko ikastaro berri bat antolatu du Etumeta AEK euskaltegiak, hasi berri dugun ikasturte honi begira. Gurasoentzako euskalduntze saioak. “Lehentasuna haur txikiak dituzten gurasoei eman nahi zaie”, berri eman digute euskaltegitik. Talde bakarra osatu nahi lukete. 100 orduko ikastaroa izango da, astean bi egunez, bi orduko saioak. Datak zehazteke dituzten arren, azaro inguruan hasi eta ekaina amaierara arte luzatzea aurreikusten da. Udarregi Ikastolan egin asmo dute ikastaroa. “Prezio berezia izango luke”, Usurbilgo Udalak emandako laguntzari esker. Egitasmoa hain zuzen, Etumeta AEK euskaltegia, Udarregi Ikastola eta Udalaren arteko elkarlanez atera da aurrera.

Proba moduan abiatu nahi dute ikastaroa. “Lasartetik dator ideia. Oso ondo funtzionatu zuen duela hiru urte. Ikusten da gainontzean iristen ez ginen guraso kopuru garrantzitsu batengana heltzen ginela. Horrek balio badezake famili barruan eragiteko, primeran”, Etumeta AEK euskaltegitik adierazi digutenez.

Eskuartean dituzten datuen arabera, egun bikoteen gehiengoa mistoa da. Hau da, batek euskaraz daki, besteak ez. “Horrek ekartzen duena da, familia erdi euskaldunak izanik ere, gurasoen arteko komunikazioa erdaraz izatea. Haurrek ere etxean erdara entzuten dute”, ohartarazi dute euskaltegitik. Errealitate hau iraultzen ahalegindu nahi dute, egitasmo honen bidez.

Gainerakoan, ohiko eskaintza

Ikastaro honetan eta AEKren gainerako eskaintzan matrikulatzeko epea zabalik dago jada. Berrikuntza honez gain, 2016-17 ikasturteari begira, euskalduntzeko klaseak eskainiko ditu Etumeta AEK euskaltegiak, astelehenetik ostegunera goiz eta arratsaldez, urriaren 3an hasi eta ekainera arte. Batetik, goizeko ikastaroak; astero bina ordu eta erdiko lau klase izaten dira, astean 10 ordu beraz. Arratsaldeko ikastaroek asteko 8 orduko iraupena dute, saio bakoitzak 2 ordukoa. Euskaltegira joan ezin duenak, autoikaskuntzaren bidea hauta dezake. Tutore baten laguntzaz euskara norbere kontutik ikasi dezake. Astero mintza saio bat izango du. Ikastaro hau bera, online bidez ere egin daiteke AEK-n. Ez ahaztu, %100era arte diruz laguntzen dituela Usurbilgo Udalak, euskara ikastarook.

Azken ohar bat; bi urtean behin ospatzen den Korrika, hogeigarren edizioa, datorren udaberrian ospatuko da. Hitzordu honi begira, “beti osatzen da herri batzordea. Animatu dadila jendea parte hartzera”, luzatu dute gonbita Etumeta AEK euskaltegitik.

Matrikulazioa zabalik

Epea: irailak 30.

Astelehenetik ostiralera: 11:00-13:00 eta 18:00-20:00.

Nagusia, 43

607 609 379.

usurbil@aek.org

www.aek.org

muntteri.blogspot.com.es