Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldearen hitzaldia, ostegunean Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 27a, 11:07

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko (OEIT) bi kideek hitzaldia eskainiko dute ostegun honetan, irailaren 29an, 19:00etan Sutegiko auditorioan. Xabier Mitxelena familia-medikuak eta Joxe Ramon Furundarena mediku hematologo usurbildarrak. Hiru ordu laurdeneko hitzaldia izango da, euskaraz. Eta gero, galderak egiteko tartea egongo da. Hala berri eman diote NOAUA!ri, ekitaldia antolatu duen Erraustegia Erabakia herri plataformatik.

"Lib Dup" grabazioa urriaren 16an

Urriaren 21, 22 eta 23an hitza hartuko du herri honek, erraustegiari buruz erabakitzeko aukera izango du, Erraustegia Erabakia herri plataformak deitu duen herri galdeketan. Herritarren parte hartzea sustatu nahi dute, eta girotze aldera, astebete lehenago, urriaren 16rako "Lib Dup" ekimena antolatu dute, "erraustegia parte hartu eta hartu hitza" aldarripean. Jendetsua izatea nahi duten hitzordu honetan bideoklip bat grabatuko da, Fermin Muguruzaren "Hitza har dezagun" abestiarekin. Haur, gazte, eta heldu, herritar ororen parte hartzea erakarri nahi dute. Egitekoa erraza izango da; urriaren 16an goizeko 11:00etan Kaxkora gerturatu. Antolatzaileek zehaztuko duten ibilbide baten baitan kokatu beharko da jendea. Eta hortik aurrera, ekitaldia grabatuko duen kameraren zain egon. Kamera gerturatzen ari dela ikustean, antzeztu, dantza egin, abestu, musika instrumenturen bat jo, etxetik ekarritako objekturen bat erakutsi, haize errota koloretsuak esaterako.... "bakoitzak nahi duena egin ahalko du", iragarri dute antolatzaileek. Irudimena lantzeko gonbita luzatzen digute.

Parte hartzea sustatzeko

Lehenbizi, entsegu saioak egingo dira eta segidan egingo da behin betiko grabazioa. "Animatu eta hartu hitza!" gonbita luzatu du Erraustegia Erabakia herri plataformak. Antolakuntzaren aholku bat; bideoklipa grabatzeko baliatuko den Fermin Muguruzaren "Hitza har dezagun" abestia ezagutzen ez duenak, ikasten joateko deia egin dute. Albiste honi atxikitako bideoan duzue abestia. Ikasterraza dela nabarmentzen dute Erraustegia Erabakia herri plataformatik. Eta abestia bera ezin egokiagoa da zalantzarik gabe, bete nahi dituzten helburuei begira. Ate joka dugun herri galdeketari begirako herritarren parte hartzea sustatu nahi dute. Herritarrak erraustegiaren inguruan hitza hartzera animatu. Kantuan edota dantzan lehenik; bozka bidez gero.

Sinadura bilketa

Zubietan eraiki nahi duten erraustegiaren aurka, sinadurak biltzeko ekimen berria abiatu du Urnieta Bizirik taldeak, change.org atarian. Astearte goiz honetarako 2.625 sinadura bilduak zituzten. "Zubietako erraustegiaren aurkako sinadura bilketara batu zaitez! Denon artean hura martxan ez jartzea lortuko dugu", luzatu dute gonbita Facebook bidez.

Erraustegiaren aurkako agenda

Irailak 29, osteguna

19:00 Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldearen (OEIT) hitzaldia Sutegin. Hizlariak: Xabier Mitxelena familia-medikua eta Joxe Ramon Furundarena mediku hematologo usurbildarra. Galderak egiteko tartea egongo da.

Antolatzailea: Erraustegia Erabakia herri plataforma.

Irailak 30, ostirala

18:00 Gipuzkoa Zutik mugimenduaren batzarra Donostiako Bulebarreko kioskoan.

Deitzailea: Gipuzkoa Zutik.

Urriak 16, igandea

11:00 "Lib Dup" grabazioa Kaxkoan.

Zehaztasunak: lehenbizi entsegu saioak egingo dira, eta segidan, grabazioa. Norberak, dantza egin, abestu, antzeztu, edota nahi duena egin ahalko du. Irudimena lantzeko gonbita luzatzen dute antolatzaileek.

Urriak 21, 22 eta 23

Erraustegiari buruzko herri galdeketa Usurbilen.

Egunak: urriak 21 (ostirala), urriak 22 (larunbata) eta urriak 23 (igandea).

Galdetuko dena: "Erraustegia egitea nahi al duzu?".

Erantzun posibleak: "Bai" eta "Ez" dioten bi bozka paper izango dira aukeran.

Nortzuk parte hartu ahalko duten: 16 urtetik gorako Usurbilen eta Zubietan erroldaturiko herritarrek.

Galdeketa auzoka:

Urriak 21, ostirala: 16:00-20:00 Aginaga.

Urriak 22, larunbata: 9:00-14:00 Santuenea.

Urriak 22, larunbata: 16:00-20:00 Zubieta.

Urriak 23, igandea: 9:00-20:00 Kaxkoa.

Oharra: edozein mahaitan bozkatu ahalko da, norberari ondoen datorkion egun eta orduan.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa: 

-DNI-NAN, EHNA+Errolda agiria, pasaportea edo gidabaimena.

-Espainiar estatuak herritartzat hartzen ez dituen pertsonek dokumentuotako bat erakutsi beharko dute: bizileku-txartela, jatorrizko estatuak jaulkitako nortasun agiria edo pasaportea, nortasun agiria/ziurtagiria, edo gidatzeko baimena.

Oharra: kasu guztietan, aurkeztu beharreko dokumentazioan bizitokia Usurbil edo Zubieta dela agertu beharko da. "Hala ez bada, Udalaren erroldatze ziurtagiria eraman beharko da".

Informazio gehiago:

erraustegiaerabakia.wordpress.com

erraustegiaerabakia@gmail.com

Twitter: @U2erabaki

Antolatzailea: Erraustegia Erabakia Herri Plataforma.

Urrirako aurreikusia dagoena:

-GuraSOSek deituriko mobilizazio handi bat.

Ekimen gehiago:

-Erraustegia Erabakia herri plataformak urrirako deitu duen galdeketa diruz laguntzeko kamisetak salgai NOAUA! K.E.-ren egoitzan.

-Sinadura Zubietan eraiki nahi diguten errauste planta proiektua geldiaraztea eskatzeko sinadura bilketa: Erraustegia geratu