Nolako Usurbil nahi eta behar dugun erabakitzeko, Hiria Antolatzeko Plan Orokorrari loturiko "Kale Irekiak" izeneko prozesu parte hartzaile berria abiatzera doa Udala. Oraingoan, Espazio Publikoaren Berrantolaketaz herritarrek zer dioten jaso nahi da. Asteazken honetan, irailaren 28an aurkeztuko dute egitasmoa eta hilabetez luzatuko da prozesua. "Usurbilgo Udalak martxan jarri duen "Kale Irekiak" proiektuan lehendabizi nolako Usurbil nahi eta behar dugun erabakiko dugu herritarrok parte hartze bidez. Jarraian, teknikari adituek Plan Zuzentzailea idatziko dute herritarren ekarpenekin, hurrengo urteetan aurrera eramango diren proiektuen euskarria. Eta bukatzeko, herritarrek lehentasunak finkatuko dituzte, Udalak horiek aurrera eramateko konpromisoa hartu baitu", iragarri dute.
Hainbat saio parte hartzaile eta dinamiko antolatu ditu Udalak, auzoka eta eremuka. Haurren astea eta emakumeen topaketak ere iragarri dituzte, prozesu honen baitan. Honatx egutegia:
Irailak 28, asteazkena
11:30 Mikel Laboa plazan: "Prozesuaren aurkezpena kalean bertan izango da. Gerturatu plazara talde teknikoa ezagutu eta zure lorea jasotzera! Usurbilgo kaleak eraldatuz doazen heinean hazten joango den lorea".
Urriak 3, astelehena
18:30 Batzarra Aginagako ludotekan.
Urriak 4, asteartea
18:30 Batzarra Zubietako Kaxkape egoitzan.
Urriak 5, asteazkena
18:30 Batzarra Potxoenean.
Urriak 17-20, astelehenetik ostegunera
Haurren astea ikastolan eta herrian zehar: “Eman diezaiegun hitza umeei!”. “Umeek ere badute zer esanik Usurbilgo kale, plaza eta parkeen inguruan. Nork erabiltzen ditu kaleak beraiek baino gehiago? Nor da autoaren arriskua gehien jasaten duena? Nor da herriko txoko guztiak ezagutzen dituena? Herriko eskolarekin elkarlanean hainbat saio burutuko dira umeekin beraien Usurbil marraztu, oztopo eta beharrak identifikatu eta proposamenak jasotzeko”.
Urriak 19, asteazkena
18:30 Emakumeon topaketa Potxoenean: bideo emanaldia eta hausnarketa. "Ikuspegi propioa daukagu Usurbilen inguruan, eta ezinbestekoa da gure parte hartzea! Gazte, heldu zein adineko zatoz zure bizipenak kontatzera. Denon artean guztiontzako herri hobeago bat eraikiko dugu! Geure beharrak ere kontuan hartzen dituen Usurbil, alegia".
Urriak 22, larunbata
18:30 Batzarra Potxoenean: “Eguneroko bizimodua eta mugikortasuna”. "Saio honetan, herrian gehien erabiltzen ditugun espazioak identifikatu eta aztertuko ditugu. Aproposak al dira ditugun beharretarako? Egokiak al dira umeak bakarrik egoteko? Adinekoak elkartzeko? Gauez bertatik pasatzeko? Usurbilen erradiografia honekin herritarrok dauzkagun traba eta oztopoak identifikatu eta etorkizunean babestu eta indartu beharrekoak zeintzuk diren jakingo dugu".
Urriak 26, asteazkena
18:30 Emakumeon topaketa Potxoenean: Ibilaldia herrian zehar. "Usurbilgo Udalak martxan jarri duen "Kale Irekiak" proiektuan lehendabizi nolako Usurbil nahi eta behar dugun erabakiko dugu herritarrok parte hartze bidez. Usurbilek txoko ugari ditu, baina, ez dira denontzako aproposak. Aztertu ditzagun bada ibilalditxo bat egiten dugun bitartean, eta ireki ditzagun guretzako itxiak direnak; positiboz eta negatiboz jantziko dugu herria hausnarketa egiten dugun bitartean".
Azaroak 2, asteazkena
18:30 Batzarra Potxoenean: "Saio honetan, aurreko egunetako lan-saioetan sortu eta aztertutako materialean oinarrituta konponbideak, hobekuntzak eta aldaketak proposatuko ditugu; herritarron bizitza atseginagoa eta errazagoa izan dadin lagunduko dutenak. Zeuk ere baietz proposamenen bat izan? Animatu parte-hartzera!".
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.