Azaroaren 1eko Artisautza Azokan parte hartzeko izen ematea zabalik

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 27a, 10:00

36ko Gerraren 80. urtemugako ekitaldiak antolatu ostean, harrera bikaina izaten duen hurrengo hitzordua prestatzeko lanetan murgildua dabil Aitzaga Elkartea. Azaroaren 1eko Artisautza Azokaz ari gara. 21. edizio honetan ere, denetariko artisauak gonbidatu nahi dituzte frontoian ospatuko den azokan posta jarri eta egiten duten lanketa plazaratzera. Horretarako izen emateko epea zabaldu dute antolatzaileek. Interesdun orok idatzi dezala email bat artisautzaazoka@gmail.com helbidera, urriaren 5a baino lehen.

Herriko tabernen auzia: “Oraindik nola gauzatuko den ikusteke dago”

Espainiako Auzitegi Nazionalak 35/02 auziko sententzia atera zuenetik urtebete eskasera, ildo beretik jo zuen Auzitegi Gorenak ere 2015eko ekaina partean: 101 herriko taberna bahitzeko agindu, eta urtebete eta hiru hilabete eta urtebete eta hamar hilabete arteko kartzela zigorra ezarri zien hogei laguni. Usurbilgo Aitzaga elkartea da 101 herriko taberna horien artean.“Aitzagak Madrilgo epaitegiek duela urtebete hartutako ebazpena ozen salatzen du, bere elkartearen eta beste 100 bat elkarteren lapurreta legala baino ez zilegia bideratzen baitu, oraindik nola gauzatuko den ikusteke dagoen arren”, gogorarazi dute Aitzaga Elkartetik.