Erraustegiari buruzko herri galdeketa, diruz laguntzeko aukera

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 28a, 10:18

Urriaren 21etik 23ra iragarria dagoen erraustegiari buruzko galdeketa Erraustegia Erabakia plataforman bildutako herritarrek antolaturikoa izango da. Ekimen hau gauzatzeak hainbat gastu eragingo ditu, eta biziki eskertzekoa izango da, herritarren diru-laguntza. Gastuei aurre egiteko laguntza biltzeko ekimen desberdinak abian ditu Erraustegia Erabakia herri plataformak. Batetik, kamisetak erosi ditzakezue 6 eurotan NOAUA! K.E.-ren egoitzan. Bestalde, diru ekarpenak egiteko kontu zenbakia ere zabalik du herri plataformak. Zenbaki honetan egin ditzakezue zuen diru ekarpenak: ES 36- 3035 0140 37 1400030079. Bestalde, galdeketa antolatzeko eta galdeketa egunetan mahaietan egoteko bolondresak behar dituzte. Prest daudenek idatzi dezatela email bat, erraustegiaerabakia@gmail.com helbidera.

Erraustegia Erabakia herri plataforma, galdeketa girotzeko hainbat ekimen antolatzen ari da. Lehenengo hitzordua ostegunerako iragarri dute, OEIT-koen hitzaldia:

Erraustegiaren aurkako agenda

Irailak 29, osteguna

19:00 Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldearen (OEIT) hitzaldia Sutegin. Hizlariak: Xabier Mitxelena familia-medikua eta Joxe Ramon Furundarena mediku hematologo usurbildarra. Galderak egiteko tartea egongo da.

Antolatzailea: Erraustegia Erabakia herri plataforma.

Irailak 30, ostirala

18:00 Gipuzkoa Zutik mugimenduaren batzarra Donostiako Bulebarreko kioskoan.

Deitzailea: Gipuzkoa Zutik.

Urriak 16, igandea

11:00 "Lib Dup" grabazioa Kaxkoan.

Zehaztasunak: lehenbizi entsegu saioak egingo dira, eta segidan, grabazioa. Norberak, dantza egin, abestu, antzeztu, edota nahi duena egin ahalko du. Irudimena lantzeko gonbita luzatzen dute antolatzaileek.

Urriak 21, 22 eta 23

Erraustegiari buruzko herri galdeketa Usurbilen.

Egunak: urriak 21 (ostirala), urriak 22 (larunbata) eta urriak 23 (igandea).

Galdetuko dena: "Erraustegia egitea nahi al duzu?".

Erantzun posibleak: "Bai" eta "Ez" dioten bi bozka paper izango dira aukeran.

Nortzuk parte hartu ahalko duten: 16 urtetik gorako Usurbilen eta Zubietan erroldaturiko herritarrek.

Galdeketa auzoka:

Urriak 21, ostirala: 16:00-20:00 Aginaga.

Urriak 22, larunbata: 9:00-14:00 Santuenea.

Urriak 22, larunbata: 16:00-20:00 Zubieta.

Urriak 23, igandea: 9:00-20:00 Kaxkoa.

Oharra: edozein mahaitan bozkatu ahalko da, norberari ondoen datorkion egun eta orduan.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa: 

-DNI-NAN, EHNA+Errolda agiria, pasaportea edo gidabaimena.

-Espainiar estatuak herritartzat hartzen ez dituen pertsonek dokumentuotako bat erakutsi beharko dute: bizileku-txartela, jatorrizko estatuak jaulkitako nortasun agiria edo pasaportea, nortasun agiria/ziurtagiria, edo gidatzeko baimena.

Oharra: kasu guztietan, aurkeztu beharreko dokumentazioan bizitokia Usurbil edo Zubieta dela agertu beharko da. "Hala ez bada, Udalaren erroldatze ziurtagiria eraman beharko da".

Informazio gehiago:

erraustegiaerabakia.wordpress.com

erraustegiaerabakia@gmail.com

Twitter: @U2erabaki

Antolatzailea: Erraustegia Erabakia Herri Plataforma.

Urrirako aurreikusia dagoena:

-GuraSOSek deituriko mobilizazio handi bat.

Ekimen gehiago:

-Erraustegia Erabakia herri plataformak urrirako deitu duen galdeketa diruz laguntzeko kamisetak salgai NOAUA! K.E.-ren egoitzan.

-Sinadura Zubietan eraiki nahi diguten errauste planta proiektua geldiaraztea eskatzeko sinadura bilketa: Erraustegia geratu