Usurbilgo belaunaldi oso bat ere, Imanol Urbietaren abestiekin hazi eta hezi zen

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 28a, 09:33

‘Ranroberra’, ‘Astoa ikusi nuen’, ‘Alaken’, ‘Mak Mikel’... abesti ezagunen egilea joan da gure artetik. 83 urterekin gure artetik joan da Imanol Urbieta musikari eta irakasle ezaguna. Baina ondare aberats askoa utzi digu. Belaunaldi oso bat hazi eta hezi baita Urbietaren abestiekin. Baita usurbildarrak ere.

Duela 3 urte hain zuzen, 2013ko ekainean ospatu zen Udarregi Ikastolaren Egunean, Urbieta bera omendu zuten egun horretan 25 urte bete zituen Haur Hezkuntzako jaialdiaren hasieran. Ordukoa da egun hartan jaso genuen kronika:

Imanol Urbieta eta Jaione Eskudero, Ikastola Eguneko omenduak

2013/06/03 25 urte bete ditu, 80. hamarkadaz geroztik Udarregi Ikastola Egunez, Haur Hezkuntzako ikasle eta irakasleek prestatu ohi duten ikuskizunak. Mende laurdena igandean ospatu zuten Oiardo Kiroldegian, HH-koek dantza eginez noski, jendetsua izan zen ekitaldian. Bertaratutakoen artean, haurren guraso eta senideekin batera, 3-6 urte artekoen dantza saioak emozio handiz bizi behar izan zituen ikus-entzule bat zegoen; emanaldiko koreografien erritmoa markatzen zuten abestien egilea, Imanol Urbieta. Ekainaren 2ko urteurrena, zarauztarra omentzeko baliatu zuen ikastolak.

Belaunaldi oso bat bere kantuekin hazi eta hezi baita Usurbilen, eta baita beste hainbat lekutako haurrak ere. Garai batean ikastolako zuzendari izan eta Urbieta bera aspalditik laguna duen Joxe Mari Arzallusek, zarauztarraren ibilbide profesionalaren laburpen bat egin zuen ekitaldiaren baitan burutu zen omenaldian. Oparoa izan baita Imanolen ibilbidea eta egin duen ekarpena; Zarautzen abesbatza sortu, bertako ikastola abiatzen lagundu, udaleku euskalduna antolatzeko Goiatzen baserria erosi zutenetako bat izan zen… Baina zalantzarik gabe, haur, irakasle eta gurasoentzat, Imanol musikari, kantagile moduan egin da ezagun. Arzallusek zioen moduan, haurrentzat beti, “musika, musika eta musika” zuen, Gasteizen, Europako zenbait hiritan eta Afrikan ere ikasi eta ikasi ibili zen lagunak. “Betiko Pintto-Pinttoren ondoan, zerua bete doinu eta abesti berri egin zuen ikastolen alde: Jon Brown, Txalopin Txalo, Txoria nintzela, eta besteko asko, Xirula Mirula eta Xixupika musikaren bidez zabaldu zituen guztiak”.

Jaione Eskudero, Urbietarekin batera omendua

Egindako ekarpena eskertzeko, zarauztarra omendu zuten igandeko haur ikuskizunean. Esker hitzak, ikastolaren izenean, Udarregiko egungo zuzendari Mariaje Imazen eskutik jaso zituen Urbietak. “Guretzat plazer eta ohore handia Imanol hemen izateko dugun aukera. Urte hauetan guztietan bera gure geletan sartu da eta bere musikaren magiarekin mundu zoragarri bat ezagutu ahal izan dugu. Berak Usurbilaino ekarri ditu, Pantxika, Arroxali, Tomax agurea, era guztietako animaliak… Paristik zetorren artista handi hura ere ekarri zigun. Baina artistena bera dugu. Gizon aparta dugu. Esker hitzak besterik ez ditugu beretzat”, adierazi zion Imazek Imanol Urbietari, ikastolaren izenean.

Txalo zaparrada jaso eta lore sorta eskuetan zuela, esker hitzak izan zituen guztientzat Imanolek. Eta modu berezi batean, ikuskizunean omendu zuten bigarren lagun batentzat. “Bizitza musikal honetan bera izan da neure ahotsa eta neure bihotza”, adieraziz zuzendu zitzaion Urbieta, hiru hamarkada hauetan Usurbilgo haurren artean musika zaletasuna gogotsu bultzatu duen Jaione Eskudero Udarregiko musika irakasleari. Urbietak bezala, bertaratutakoen aldetik txalo zaparrada jaso zuen Eskuderok, baita lore sorta ederra ere HH-ko irakasleen partetik.

Mariaje Imazek gogorarazten duenez, Jaionek “musika maitatzen erakutsi digu behin eta berriro. Eta Usurbilgo ume guztiak bere kantetatik hezi eta hazi egin ditugu. Eta poz pozik gaude bera gure artean edukitzeaz. Harro”. 

Testuinguru honetan ospatu zen 25. urteurren honetan ere, HH-ko ikasle eta irakasleak egun batez dantzari bihurtu zituen saioa, omenaldia izandako emanaldia. Haurren grazia eta naturaltasunak apartekoa egin zuen beste behin, ikasturte bukaera borobiltzen duen hitzordu hau. Aurtengoan, Imanol Urbieta omentzeko modu egokiena zenez, bere kantekin sortu dituzte koreografiak.