Asteazken honetan zabaldu denez, urtebete luzatu diote kontratua Haimar Zubeldiari, Trek Segafredo taldean. Datorren denboraldia beraz, hogeigarrena profesional gisa Urdaiagakoarentzat, talde berean egingo du. Kontratua luzatu berri dioten honetan Zubeldiak adierazi duenez, "hau nire bigarren familia da, eta ezingo nuke ikusi neure burua beste talde batean". Aipatu duenez, berarentzat motibagarria izango da hurrengo denboraldia, Mollema eta Contador sostengatzeko paper garrantzitsuagoa izango baitu.
Bere etorkizunari dagokionez zera adierazi du, "ezin dut esan, hurrengo urtea nire azkena izango ote den". Denboraldi bakoitzean denboraldikoa bizi duela dio, eta aurrera begira, "ikusiko dugu" dio. Bitartean, gozatzen saiatuko dela dio usurbildarrak.
Oso metodikoa, entrenamenduetan
39 urteko usurbildarraren ibilbide profesionalaren berri gogorarazten du Trek Segafredo taldeak bere web gunean. 1997az geroztik, Euskaltel-Euskadin 11 urtez eginiko bidea eta palmaresa, 2009an Astanara eta 2010ean RadioShackera eginiko talde aldaketak. Frantziako Tourrean bost aldiz lehen hamar postuetan sailkatu dela baita. Bere prestaketa lanetan oso metodikoa dela dio Trek taldeak, bere entrenamendu saioetan xehetasun txikiei erreparatzen dien kirolaria dela. Txirrindularitzarako zaletasuna familiarekin partekatzen duela eta Markel Irizarrekin batera egiten dituen entrenamendu saioak ere nabarmentzen ditu Trek taldearen web guneak.