Euskaltegiko matrikulazio kanpaina, azken txanpan

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 29a, 11:15

Eskaintza zabala prestatu dute ikasturte berri honetarako ere, Etumeta AEK euskaltegian; maila guztietako ikastaroak egiteko aukera goiz nahiz arratsaldez, autoikaskuntza, euskara online ikasteko aukera, Mintzalagun egitasmoa,... Eta berrikuntza bat; gurasoentzako saioak. Familia barruko transmisioan eragiteko gurasoentzako euskalduntze ikastaroa antolatu dute elkarlanean, Etumeta AEK euskaltegiak eta Udarregi Ikastolak, Usurbilgo Udalaren laguntzaz.

Azaroaren 14an hasi eta maiatzera arte luzatuko da. 100 orduko iraupena izango du. Astean bi orduko bina klase eskainiko dira, Udarregi Ikastolan, goiz edo arratsaldez. AEK-ko irakasleek bideratuko duten ikastaroan, “2-12 urte arteko haurren gurasoek izango dute lehentasuna, taldekatzeko orduan”. Ikastaroko prezioa 100 eurokoa izango da. Euskaltegiko gainerako eskaintzan irailaren 30era arteko epea finkatu da matrikulatzeko. Ikastaro berri honetan izen emateko tartea aldiz, urriaren 28ra arte luzatuko da. Udarregi Ikastolan edo euskaltegian bideratu ahalko da inskripzioa. Gero, izena eman duten gurasoei, azaroaren 3an mailaketa froga egingo zaie Udarregi Ikastolan.

Matrikulazioa

Astelehenetik ostiralera: 11:00-13:00 eta 18:00-20:00.

Nagusia, 43

607 609 379.

usurbil@aek.org

www.aek.org

muntteri.blogspot.com.es

Doan ikasi daiteke

Gainerako ikastaroak bezala, honako hau ere Usurbilgo Udalak diruz lagunduko du. Gogoan izan, doakotasunaren bidean sakontzeko apustua egina duela Udalak. Aurten estreinakoz, %100era arteko diru-laguntzak banatu berri dituzte (500 euroko mugarekin). Hau da, baldintza guztiak bete eta euskalduntzen aritu diren ikasleek euskara doan ikasi dezakete jada Usurbilen. "Usurbilgo Udalari garran­tzi­tsua irudi­tzen zaio herritarrek euskara ikastea. Gero eta gehiago dira Euskaltegiko matrikula ordain­tzeko arazo bereziak dituzten herritarrak. Bide honetatik, behar ekonomiko bereziak dituzten herritarrei euskara ikastea erraztu nahi zaie. Oinarri hauek diru-lagun­tza hauek emateko baldin­tzak jaso­tzen dituzte", dio Udalak.

Are gehiago, behar ekonomikoan egon eta arrazoi ezberdinengatik, kasu berezietan eta kasuotako baldintzak betetzen dituztenei, Udalak matrikulazio kostuaren dirua ere aurreratu dezake.  "Diru-lagun­tza hauen onuradun izango dira: Usurbilen erroldatuta egonik, behar ekonomiko berezia duten euskara ikasleak. Ikastaro hauek 2016ko uztailetik 2017ko ekainaren 31 bitartean egindakoak izango dira. Diru-lagun­tza hauetarako eskaerak Euskaltegiko matrikula egiten denean aurkeztu beharko dira. Diru-lagun­tzen zuriketa, berriz, 2017ko uztailaren 3tik 7ra bitartean egingo da", zehaztu du Udalak. Argibide gehiago behar dituenak Potxoeneara joan edo 943 371 999 telefono zenbakira deitu dezala.

Udal diru-laguntza deialdi honetara aurkezteko baldintzok bete beharko dira:

-Usurbilen erroldatua egotea.

-Gutxienez, ikastaro osoan zehar, %80ko asisten­tzia izatea. (Autoikaskun­tza­ren kasuan aprobe­txa­mendua ziurta­tzea).

-Gutxieneko aprobe­txa­mendua gaindi­tzea (Euskaltegiak egindako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharrekoa).

-Diru-lagun­tza hau jaso ahal izateko, diru-sarreren gehieneko mugak, kide kopuruaren arabera, hauek izango dira:

Kide bat: 625,58 €/ hilean.

2 kide: 803,31 €/hilean.

3 kide edo gehiago: 888,62 €/hilean.

Baldintza gehiagoren berri eta informazio zehatzagoa, hemen: Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

2015-2016 ikasturteari dagokion diru-laguntza banaketa

Euskara ikasteko diru-laguntzak

Jasotako eskaerak: 42 (iaz baino 3 gutxiago. Tartean, udako ikastaro eta barnetegietarako 3 eskaera izan dira).

Banatutako laguntza kopurua: 16.614,76 euro (gehienez 24.000 euroko kopurua zegoen banatzeko, iaz baino 8.000 euro gehiago).

Informazio gehiago: Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

Aisialdiko begirale ikastaroak egin dituztenentzako diru-laguntzak

Jasotako eskaerak: 7 (iazko eskaera bikoiztu da, iaz 3 eskaera izan baitziren).

Banatutako laguntza kopurua: 1.417,50 euro.

Diru-laguntza deialdi honek izandako bilakaera 2012tik: 29 eskaera izan dira. Begirale titulurako 26 lagunek jaso dute udal diru-laguntza, eta beste bik zuzendari titulura eskuratzeko ikastarorako.

Prozedura

Diru-laguntzok banatzeko eman diren urratsak:

Ekainak 20: Diru-laguntza deialdia argitaratu zen.

Ekainak 27-uztailak 8: interesdunek eskabideak aurkezteko epea izan zuten.

Uztailak 22: udal Diru-Laguntzen Batzordeak ebazpen proposamena onartu zuen.

Uztailak 29: ebazpen proposamena argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizilean.

10 eguneko epea egon zen segidan alegazioak aurkezteko. Alegaziorik ez zen aurkeztu.

Irailak 21: behin betiko onartu dira diru-laguntzak.

Informazio gehiago: Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala