Lotura toxiko argia

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 3a, 13:30

Hilabeteotan eskaini dituzten hitzaldi, jardunaldi eta antzeko saioetan esandakoa berretsi zuten aurreko ostegunean Sutegiko auditorioan, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko (OEIT) kideek. Medikuen bilgunearen izenak jasotzen duen moduan, osasuna eta errausketa elkar lotuak dauden bi kontzeptu direla. Lotura toxiko argia dutela, hondakinak errausteak gu guztion bizimodua pozoitzeko arrisku ebidentea baitu. Eta honenbestez, Zubietan eraiki nahi diguten erraustegiak ere hainbat arrisku dakartza gure poltsikoaz gain, baita ingurumen eta osasunerako ere.

Hala zioten, urriaren 21etik 23ra antolatzen ari diren galdeketari begira, Erraustegia Erabakia herri plataformak irailaren 29an Sutegin antolaturiko hitzaldira gonbidatu zituzten Xabier Mitxelena familia-medikuak eta Joxe Ramon Furundarena mediku hematologo usurbildarrak. GHK-k eraikitze lanak esleitzear dituen honetan, ardura printzipioa aplikatzea eskatzen dute, "minik ez eragitea", erraustegia eraiki eta martxan jartzeak arriskua eragin dezakeelako guztion osasunean. Gainera, "beste alternatibak badaudenez, aplika daitezela eta erraustegia ez dadila eraiki, ez hemen eta ez inon" eskatu zuten.

Arrisku eza bermatzerik ez

Ez da txantxetako kontua. Minbizi mota ezberdinak izateko arriskua eta heriotza-tasa bera ere areagotu dezake Zubietan eraiki nahi diguten erraustegiak. Fetoetan malformazioak edota abortuak eragin, arnasbideetako gaixotasunak izateko aukera gehitu... Hitz gutxitan, osasun arazo serioak eragin ditzake erraustegiak. Ez dira hitz hutsalak. 2002an Txingudin erraustegia eraikitzea planteatu zenetik gaur arte, lan mordoa egindakoa da Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea (OEIT). Interes gatazkarik izan ez, eta ingurumen osasuntsua sustatzea ere haien arduratzat duten mediku taldea, osasuna eta errausketaren arteko lotura ikertzen aritu da urteotan guztiotan. Nazioartean argitaratu diren hainbat txosten aztertu dituzte. Nahikoa kalitate zutenak. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) esandakoari kasu eginez, gutxienez 10 urteetan zehar eginiko azterlanak ikertu dituzte. Epe hori gutxienekotzat jotzen du NBE-k, erraustegiek herritarren osasunean izan dezaketen benetako eragina aztertzeko.

Bildu dituzten datuak, azken hilabeteotan sarritan entzun dugun moduan, benetan kezkagarriak dira. Gure osasun eta ingurumena babestuko duen bermerik ez dago. Erraustegitik 3 kilometroko eremuan esaterako, hondakinak errausteak %3,5 igoarazi dezake minbizia-tasa. Minbizi mota batzuk are gehiago.

Erraustegiak, jasotako masa bera kanporatzen du

Medikuek Sutegin nabarmendu zutenez, kalkulatua dago erraustegira sartzen den masatik zenbat kanporatzen den gero. Kalkulu erraza du, "erraustegira sartzen den masa eta ateratzen dena bera da. Ez ditu hondakinak ezabatzen". Zabortegien beharra izaten segitzen dute erraustegiek. Lehen aipaturiko gaixotasun iturri diren gai kutsatzaile ugari kanporatzen ditu erraustegiak, gerora arnastuz barnera ditzakegunak. Tartean, guztion osasuna arriskuan jar dezaketen dioxinak eta furanoak ditugu. "Oso kutsakorrak kopuru txikietan", OEIT-tik ohartarazten dutenez. Eta haizeak urrutira zabaldu ditzakeenak. Hor ditugu baita, erraustegiek ezabatzen ez dituzten metal astunak, "35 metal ezberdin" mediku taldearen esanetan, erraustegiko "alde batetik ez bada bestetik ateratzen direnak" eta "gorputzean biometatzen dira".

Hori gutxi ez eta materia partikulatua dugu. "Zenbat eta partikula txikiagoak orduan eta kaltegarriagoak" direnak. Medikuok eginiko ikerketen arabera, "biriketatik odolera eta handik burmuinera ere pasa daitezke". Hauei erraustegiak jaurtiko dituen gasak gehitu behar zaizkie. Datu bat: erretzen den hondakin tona bakoitzeko, 0,7-1,7 tona karbono dioxido sortzen da. OEIT-k nabarmentzen du, osasunarentzako egungo mehatxu handiena dugula C02.

Ez da hemen amaitzen. Zepak, eskoriak hondakinak errausteak dakarren beste buruhaustea. "Arriskutsuak izan litezke", OEIT-ren esanetan. Kezkatzeko beste arrazoi bat; porlanarekin nahasten dituzte errautsak. Nahasketa egin arren, horrek ez du esan nahi errauts hauek duten arriskua gutxitzen denik. "Toxikotasun maila mantentzen da", mediku taldearen esanetan, eta "denboraren poderioz ingurumenera zabaltzen dira".

Erraustegiaren begi bistako eraginon aurrean, zera galdetzen dute medikuek. Erraustegia eraiki eta martxan jarri ostean, "arazoak azaltzen badira, nor izango da arduraduna? Erraustegia itxiko da?".

 

Erraustegiaren aurkako agenda

Urriak 16, igandea

11:00 "Lib Dup" grabazioa Kaxkoan.

Urriak 21, 22 eta 23

Erraustegiari buruzko herri galdeketa Usurbilen.

Egunak: urriak 21 (ostirala), urriak 22 (larunbata) eta urriak 23 (igandea).

Galdetuko dena: "Erraustegia egitea nahi al duzu?".

Erantzun posibleak: "Bai" eta "Ez" dioten bi bozka paper izango dira aukeran.

Nortzuk parte hartu ahalko duten: 16 urtetik gorako Usurbilen eta Zubietan erroldaturiko herritarrek.

Galdeketa auzoka:

Urriak 21, ostirala: 16:00-20:00 Aginaga.

Urriak 22, larunbata: 9:00-14:00 Santuenea.

Urriak 22, larunbata: 16:00-20:00 Zubieta.

Urriak 23, igandea: 9:00-20:00 Kaxkoa.

Oharra: edozein mahaitan bozkatu ahalko da, norberari ondoen datorkion egun eta orduan.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa: 

-DNI-NAN, EHNA+Errolda agiria, pasaportea edo gidabaimena.

-Espainiar estatuak herritartzat hartzen ez dituen pertsonek dokumentuotako bat erakutsi beharko dute: bizileku-txartela, jatorrizko estatuak jaulkitako nortasun agiria edo pasaportea, nortasun agiria/ziurtagiria, edo gidatzeko baimena.

Oharra: kasu guztietan, aurkeztu beharreko dokumentazioan bizitokia Usurbil edo Zubieta dela agertu beharko da. "Hala ez bada, Udalaren erroldatze ziurtagiria eraman beharko da".

Informazio gehiago:

erraustegiaerabakia.wordpress.com

erraustegiaerabakia@gmail.com

Twitter: @U2erabaki

Laguntzarako deia:

-Bolondresak beharko dira antolaketa lanetarako eta galdeketa egunetan, hautes-mahaietan egoteko.

-Antolaketa gastuei aurre egiteko kamisetak salgai dituzue 6 eurotan NOAUA!n, eta kontu zenbaki bat ere zabaldu dute: ES 36- 3035 0140 37 1400030079.

Informazio gehiago:

erraustegiaerabakia.wordpress.com


erraustegiaerabakia@gmail.com

Twitter: @U2erabaki

Antolatzailea: Erraustegia Erabakia Herri Plataforma.