Iazko datuekin alderatuta, %0,15 igo da hondakinen gaikako bilketa-tasa, 2016ko lehen seihilekoan Usurbilen. Hala jakinarazi du Usurbilgo Udalak kaleratu duen ondoko datu taularen bidez. Urtarriletik ekainerako hilabetekako datuak plazaratu dituzte. Bertan ikus daiteke, seihileko bataz besteko gaikako bilketa-tasa %83,76koa izan arren, otsailean esaterako %85,58ko tasaraino ere heldu ginela Usurbilen. Udalaren atarian, usurbil.eus web gunean ikus ditzakezue azken hilabeteotako, 2013, 2014 eta 2015eko datuak.
Eredugarri baita, Valentzian
Euskal Herriko hainbat txokoetan, Katalunian, Bristolen... Eta orain Valentzia aldean baita. Eredugarritzat dute Usurbilgo hondakinen bilketa eredua, udalerri honetako mugetatik kanpo. Berriki, hango Ecofira ingurumen azokan parte hartu du Usurbilgo Udalak. "Usurbilgo hondakinen bilketa eredua aurkeztu dugu, arloko hainbat eragileren aurrean: enpresak, udaletako ordezkariak, erkidego autonomoetako ingurumen zuzendariak, etab. Goizean, gaikako bilketa eta hondakin organikoaren bilketari buruzko jardunaldiak izan dira. Bertan, Usurbilgo eta Argentonako hiri hondakinen bilketa azaldu da. Aldi berean, ingurumen aholkulari ezberdinak hondakin organikoaren gaikako bilketa eraginkor baten garrrantziaz eta ingurumen fiskalitateari buruz mintzatu dira. Arratsaldez berriz, Baleareetako, Kataluniako, Valentziako, Madrilgo, Nafarroako eta Ingurumen ministerioko hondakin gaietako arduradun politikoen arteko mahai-ingurua izan da. Bio-hondakinak, ontzi arinen gaikako bilketaren hobekuntzak, sortzez besteko ordainketa etab. izan dira mintzagai. Usurbilgo Udalaren aldetik, Ibon Goikoetxea Retegi ingurumen-teknikariak aurkeztu ditu Usurbilgo Atez Ateko bilketaren xehetasun guztiak", berri eman dute udalaren web orrialdetik.
Irudiak: Usurbilgo Udala