Langabetuentzako enplegu prestakuntza programa berria

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 3a, 08:40

Instalakuntza elektrikoen inguruko enplegu prestakuntza programa antolatu dute Buruntzaldea Beterriko udalerriek. Hau da, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilek. Parte hartzaileek etxe eta eraikuntzetako instalakuntza elektrikoen inguruko formakuntza jasoko dute “tentsio baxuko lanetan eta etxeetako elektrikari laguntzaile moduan lan egiteko gaitasunak barneratuz. Prestakuntza honek, gerora elektrizitate arloan prestakuntza ibilbide bat jarraitzeko aukera eskaintzen du”.

Elektrizitate arloko 1.mailako Ziurtagiri Profesionala eskuratzeaz gain, “10 kontratu konpromiso izango ditu ikastaro honek”, baldintza eta modalitate ezberdinetan. Guztira 5 hilabeteko 6 kontratu eta 3 hileko 4 gauzatuko dira, lantoki ezberdinetan banatuta, bertako elektrikariaren eta lan-taldearen laguntzaile gisa.

300 orduko prestakuntza programa Lanbidek diruz lagundu, eskualdeko udalerriek kofinantzatu eta Usurbilgo Lanbide Eskolak eskainiko du bere instalakuntzetan erdaraz. “Egitasmoa 55 urtetik gorako langabetuei lehentasunez, epe luzeko langabetuei, DBE onuradunei, eta 35 urtetik beherako (lehen enplegua) langabetuei zuzendua dago”. Parte hartzeko ezinbestekoa izango da eskualdeko udalerrietako batean erroldatua egotea eta prestakuntza atala egoki gainditzea. 15 lagunentzako lekua dago, urriaren 13an hasi eta abenduaren 21era arte luzatuko den prestakuntza programa honetan.

Izena eman edota argibide gehiago jasotzeko:

Usurbilgo Udaleko Garapen eta Hezkuntza Saila: 943 371 951.

Lanbide Eskola: 943 364 600.