1.548, Kilometroak 16 ekimeneko Gure Zozketako zenbaki saritua

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 3a, 08:31

Igandean Bergaran, Aranzadi Ikastolaren alde ospaturiko Kilometroak 16 jaialdiaren alde dirua biltzeko Gure Zozketa ekimena antolatu dute. Iaz Usurbilen bezala, 60.000 euroko saria jarri dute jokoan. Jaialdiaren biharamun honetan egin dute zozketa. 1.548 izan da zenbaki saritua. Ordezkoa, 18.890. Saria jasotzeko hilabeteko epea finkatu du antolakuntzak. “Zenbaki saritua epe horretan azaltzen ez bada, ordezkoak beste hilabeteko epea du saria jasotzeko”, ohartarazi dute. Antolatzaileekin harremanetan jartzeko, deitu Aranzadi Ikastolara. Honatx zenbakia: 943 76 90 71.

Demasako jaialdia

Atzo ospatu zen ediziorako hautaturiko leloa omenduz, jaialdi mundiala bizi izan zuten atzo Bergaran, Aranzadi Ikastolaren aldeko Kilometroak 16 jaialdian. "Aurreikuspenak bete egin dira", antolatzaileen esanetan. Eskerrak eman nahi dizkiete atzo Bergarara joandako guztiei. "Haien presentzia eta laguntza oso baliagarriak dira aldez aurretik finkatutako helburu ekonomikoak betetzeko eta Aranzadi Ikastolaren eraikinaren lanen kostuari aurre egiteko mailegua ordaintzeko", gogorarazi dutenez.

Eguneko zenbait datu ere aurreratu zituzten. Batetik, autobus eta ibilgailuentzako aparkalekuak bete zirela. Gainerakoan ez zela aparteko arazorik izan, "jendeak portaera oso ona izan du". Alkohol kontsumo intoxikazio oso gutxi izan zirela berri eman dute eta eraso sexistei loturiko salaketarik ez zela izan. "Hortaz, aldez aurretik, Kilometroak 2016n egindako prebentzio lan eta protokoloek ondo funtzionatu dute eta bere fruitua eman dute. Eta beste behin argi geratu da Erronka oso asmakizun ona dela, gazte eta nerabeei aterabide erakargarriak eskaintzeko", berri eman du antolakuntzak. Erronkaz ari garela, aurtengoan, Oiartzungo Haurtzaro ikastolak irabazi du. Bigarren sailkatu da Tolosako Laskorain ikastola. Eta hirugarren, Ordiziako Jakintza Ikastola.

Aipatzekoa bestalde, Alkartu Nai eta Promocion Cultural omendu zituztela atzoko jaialdian. "Aranzadi Ikastolak, duela 40 urte, 1970eko hamarkadan Bergaran hainbat azpiegitura sortu zituzten elkarteak".

Urtebete barru Kilometroak jaialdia ospatzeaz arduratuko den herriak lekukoa hartua du. 2017ko Kilometroak, Oñatin ospatuko da, Txantxiku ikastolaren alde.

Irudia eta informazio gehiago: kilometroak.eus