Abian da "Kale Irekiak" espazio publikoa berrantolatzeko parte hartze prozesurako ekarpenak biltzeko fasea. Atzo abiatu zen, Aginagako ludotekan eginiko lehen saioarekin. Zubietarren txanda izango da astearte honetan. Batzarra deitu dute 18:30etan Kaxkape egoitzan. Etorkizuneko Usurbil diseinatu nahi du Udalak, herritarren laguntzaz.
"Denon beharrizanak kontuan hartuta"
"Gaur hasi eta etorkizunari begira Usurbilgo espazio publikoa nolakoa izango den diseinatu dezagun denon artean, herri proiektu hori mamitu dezagun eta urtez urte joango gara neurriak hartzen norabide horretan". Hauxe, Usurbilgo Udaleko alkate Xabier Arregik aurreko astean luzatu zien gonbita, herritar, eragile eta udaleko kideei, aste hasiera honetan abiatu duten prozesu parte-hartzailea aurkezteko Mikel Laboa plazan egin zen ekitaldian. Prozesu berri honetan, espazio publikoa berrantolatu nahi da guztion laguntzaz, "hartara egokiagoa izango den guztiontzako Usurbil eraikiko dugu, denon beharrizanak kontuan hartuta" zioten ekitaldian.
Hortik egitasmoari jarri dioten izena; "Kale Irekiak". "Orain arte, erabaki guneak udal bulegoetan, udal politikari eta teknikarien esku egon dira. Baina guk uste dugu garrantzitsua dela, espazio publikoek erabilera kolektiboa duten neurrian, erabakiak kolektiboki hartzea ere", zioen prozesuko bideratzaileetako batek.
Nolako Usurbil nahi dugun erabakitzeko batzarrak egingo dira datozen asteotan, auzoka, haurrekin, emakumeen topaketak antolatuko dira, baita eguneroko bizimoduaren eta mugikortasunaren inguruko saio bat ere. Azaroaren 2ra arte luzatuko den prozesu honen baitako saio guztiotan jasotako ekarpenak, plan zuzentzaile batean bilduko dira. Plan hau landuko duen Urak Bide, tokiko arkitektura eta ingeniaritza taldeak hainbat irizpide finkatuko ditu gero, mugikortasunari (oinezko eta bizikleten erabilera lehenesteari, eguneroko bizimoduan, haur eta nagusien zaintza lanak kontuan hartzeari, emakume eta haurren segurtasunari, irisgarritasunari...) dagokionean.
Eta plan hau ere berriro jendaurrean aurkeztuko da 2017ko otsailean. Bertan, herritarrek berriz lehentasunak finkatzeko aukera izango dute. "Hortik aterako den proposamena, herri honek bere burua antolatzeko, diseinatzeko herri proposamena izango da. Sekulako garrantzia duena. Gaur etxebizitzak errepideez inguratuak ezagutzen ditugu. Guk nahi duguna Usurbilen, pertsonak, oinezkoak eta bizikletan ibiltzen direnak izatea, hirigintza jasangarriago baten testuinguruan benetan ardatz izango direnak", adierazi zuen alkateak.
"Pertsonen beharrak jarri behar ditugu lehen planoan"
Azken hamarkadetako hirigintza planen eredua irauli nahi du Udalak, egitasmo berri honekin. "Beste hainbat herri bezala, Usurbil, autoaren mugikortasunaren inguruan eraikitako herria da. 60-70eko hamarkadetan hasita, jada markatu zen kotxea ardatz hartuko zuen herri eredu bat, eta harrez gero egin diren hirigintza proiektuetan, bide beretik segi dugu. Usurbilen kotxeak du lehentasuna gaur egun eta pertsonen beharrak bigarren mailan geratu dira, mugikortasun presakakoa gailendu zaio, mugikortasun lasai, patsadatsu, pausatuari. Horrek hausnarketa, berrantolaketa baten beharra eskatzen du, eta personen beharrak ere jarri behar ditugu lehen planoan", alkateak aurkezpen ekitaldian zioenez.
Hitzordura bertaratu ziren eragileetako ordezkari, udal langile, politikari edota herritarrei, abiatzear den prozesu parte-hartzailearen gida liburuxka eta lore bana banatu zitzaien; "Usurbilgo kaleak eraldatuz doazen heinean, hazten joango den lorea".
"Kale Irekiak" egitasmoko lehen fasea
Urriak 4, asteartea
18:30 Batzarra Zubietako Kaxkape egoitzan.
Urriak 5, asteazkena
18:30 Batzarra Potxoenean.
Urriak 17-20, astelehenetik ostegunera
Haurren astea ikastolan eta herrian zehar: “Eman diezaiegun hitza umeei!”. “Umeek ere badute zer esanik Usurbilgo kale, plaza eta parkeen inguruan. Nork erabiltzen ditu kaleak beraiek baino gehiago? Nor da autoaren arriskua gehien jasaten duena? Nor da herriko txoko guztiak ezagutzen dituena? Herriko eskolarekin elkarlanean hainbat saio burutuko dira umeekin beraien Usurbil marraztu, oztopo eta beharrak identifikatu eta proposamenak jasotzeko”.
Urriak 19, asteazkena
18:30 Emakumeon topaketa Potxoenean: bideo emanaldia eta hausnarketa. "Ikuspegi propioa daukagu Usurbilen inguruan, eta ezinbestekoa da gure parte hartzea! Gazte, heldu zein adineko zatoz zure bizipenak kontatzera. Denon artean guztiontzako herri hobeago bat eraikiko dugu! Geure beharrak ere kontuan hartzen dituen Usurbil, alegia".
Urriak 22, larunbata
18:30 Batzarra Potxoenean: “Eguneroko bizimodua eta mugikortasuna”. "Saio honetan, herrian gehien erabiltzen ditugun espazioak identifikatu eta aztertuko ditugu. Aproposak al dira ditugun beharretarako? Egokiak al dira umeak bakarrik egoteko? Adinekoak elkartzeko? Gauez bertatik pasatzeko? Usurbilen erradiografia honekin herritarrok dauzkagun traba eta oztopoak identifikatu eta etorkizunean babestu eta indartu beharrekoak zeintzuk diren jakingo dugu".
Urriak 26, asteazkena
18:30 Emakumeon topaketa Potxoenean: Ibilaldia herrian zehar. "Usurbilgo Udalak martxan jarri duen "Kale Irekiak" proiektuan lehendabizi nolako Usurbil nahi eta behar dugun erabakiko dugu herritarrok parte hartze bidez. Usurbilek txoko ugari ditu, baina, ez dira denontzako aproposak. Aztertu ditzagun bada ibilalditxo bat egiten dugun bitartean, eta ireki ditzagun guretzako itxiak direnak; positiboz eta negatiboz jantziko dugu herria hausnarketa egiten dugun bitartean".
Azaroak 2, asteazkena
18:30 Batzarra Potxoenean: "Aurreko egunetako lan-saioetan sortu eta aztertutako materialean oinarrituta konponbideak, hobekuntzak eta aldaketak proposatuko ditugu; herritarron bizitza atseginagoa eta errazagoa izan dadin lagunduko dutenak. Zeuk ere baietz proposamenen bat izan? Animatu parte-hartzera!".
Otsailean...
Plan Zuzentzailea egingo da eta "espazio urbanoaren inguruan proposatu dituzuen aldaketak aurkeztu eta herriarentzat lehentasuna dutenak zeintzuk diren erabakiko dugu orduan".
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.