Euskalduntzeko ahaleginak ikasturte berria abiatu du Usurbilen. Atzo, astelehenez hasi zituzten klaseak Etumeta AEK euskaltegian. Hiru talde osatu dituzte oraingoan; goizez, EGA prestatzeko matrikulatu direnekin. Arratsaldez, B1 eta B2 mailako beste talde bana lanean da baita. Ondoko irudi honetan dituzue hain zuzen, azken bi talde hauetako kideak, irakasleekin batera.
Gurasoak euskalduntzeko apustua
Euskaltegiko eskaintzan izen emateko epeak zabalik segitzen du. Gogoan izan, euskalduntze saioetan, autoikaskuntzan eta Mintzalagun egitasmoan ere parte hartu dezakezuela. Aurten estreinakoz gainera, 2-12 urte arteko haurren gurasoei zuzenduriko ikastaroa antolatu du Etumeta AEK euskaltegiak Udarregi Ikastolarekin elkarlanean eta Usurbilgo Udalaren laguntzaz. Azaroaren 14an hasi eta maiatzera arte luzatuko da. 100 orduko iraupena izango du. Astean bi orduko bina klase eskainiko dira, Udarregi Ikastolan, goiz edo arratsaldez. Ikastaroko prezioa 100 eurokoa izango da. Urriaren 28ra arte matrikulatu daiteke ikastaro honetarako. Udarregi Ikastolan edo euskaltegian bideratu ahalko da inskripzioa. Gero, izena eman duten gurasoei, azaroaren 3an mailaketa froga egingo zaie Udarregi Ikastolan.
Izena eman edo informazio gehiagorako:
Nagusia, 43
607 609 379.
Doan ikasi daiteke
Doakotasunaren bidean sakontzeko apustua egina du Udalak. Baldintza guztiak bete eta euskalduntzen aritu diren ikasleek euskara doan ikasi dezakete jada Usurbilen (500 euroko mugarekin). "Usurbilgo Udalari garrantzitsua iruditzen zaio herritarrek euskara ikastea. Gero eta gehiago dira Euskaltegiko matrikula ordaintzeko arazo bereziak dituzten herritarrak. Bide honetatik, behar ekonomiko bereziak dituzten herritarrei euskara ikastea erraztu nahi zaie. Oinarri hauek diru-laguntza hauek emateko baldintzak jasotzen dituzte", dio Udalak.
Are gehiago, behar ekonomikoan egon eta arrazoi ezberdinengatik, kasu berezietan eta kasuotako baldintzak betetzen dituztenei, Udalak matrikulazio kostuaren dirua ere aurreratu dezake. "Diru-laguntza hauen onuradun izango dira: Usurbilen erroldatuta egonik, behar ekonomiko berezia duten euskara ikasleak. Ikastaro hauek 2016ko uztailetik 2017ko ekainaren 31 bitartean egindakoak izango dira. Diru-laguntza hauetarako eskaerak Euskaltegiko matrikula egiten denean aurkeztu beharko dira. Diru-laguntzen zuriketa, berriz, 2017ko uztailaren 3tik 7ra bitartean egingo da", zehaztu du Udalak. Argibide gehiago behar dituenak Potxoeneara joan edo 943 371 999 telefono zenbakira deitu dezala.
Udal diru-laguntza deialdi honetara aurkezteko baldintzok bete beharko dira:
-Usurbilen erroldatua egotea.
-Gutxienez, ikastaro osoan zehar, %80ko asistentzia izatea. (Autoikaskuntzaren kasuan aprobetxamendua ziurtatzea).
-Gutxieneko aprobetxamendua gainditzea (Euskaltegiak egindako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharrekoa).
-Diru-laguntza hau jaso ahal izateko, diru-sarreren gehieneko mugak, kide kopuruaren arabera, hauek izango dira:
Kide bat: 625,58 €/ hilean.
2 kide: 803,31 €/hilean.
3 kide edo gehiago: 888,62 €/hilean.
Baldintza gehiagoren berri eta informazio zehatzagoa, hemen: Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala
2015-2016 ikasturteari dagokion diru-laguntza banaketa
Euskara ikasteko diru-laguntzak
Jasotako eskaerak: 42 (iaz baino 3 gutxiago. Tartean, udako ikastaro eta barnetegietarako 3 eskaera izan dira).
Banatutako laguntza kopurua: 16.614,76 euro (gehienez 24.000 euroko kopurua zegoen banatzeko, iaz baino 8.000 euro gehiago).
Informazio gehiago: Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala
Aisialdiko begirale ikastaroak egin dituztenentzako diru-laguntzak
Jasotako eskaerak: 7 (iazko eskaera bikoiztu da, iaz 3 eskaera izan baitziren).
Banatutako laguntza kopurua: 1.417,50 euro.
Diru-laguntza deialdi honek izandako bilakaera 2012tik: 29 eskaera izan dira. Begirale titulurako 26 lagunek jaso dute udal diru-laguntza, eta beste bik zuzendari titulura eskuratzeko ikastarorako.
Prozedura
Diru-laguntzok banatzeko eman diren urratsak:
Ekainak 20: Diru-laguntza deialdia argitaratu zen.
Ekainak 27-uztailak 8: interesdunek eskabideak aurkezteko epea izan zuten.
Uztailak 22: udal Diru-Laguntzen Batzordeak ebazpen proposamena onartu zuen.
Uztailak 29: ebazpen proposamena argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizilean.
10 eguneko epea egon zen segidan alegazioak aurkezteko. Alegaziorik ez zen aurkeztu.
Irailak 21: behin betiko onartu dira diru-laguntzak.
Informazio gehiago: Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala