Gogotsu ari dira prestatzen, urriaren 15eko Usurbil Herri Anitza jaia

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 4a, 13:55

Usurbilgo Udala, hainbat herritarrekin elkarlanean, urriaren 15ean ospatuko den Usurbil Herri Anitza jaialdia antolatzen dabil, “aniztasunaren balioa aldarrikatu eta plazaratzeko asmoz”. Ondoko irudian duzue lan taldea. Besteak beste, iaz bezala, aurreratu digutenez, udalerri honetan bizi diren jatorri ezberdinetako herritarren sorterriko jakiak dastatzeko aukera izango dugu. Gainerako egitaraua josten dabiltza egunotan. Urriaren 15a baino lehen ordea, beste bi hitzordu antolatu dituzte:

Usurbil Herri Anitza!

Urriak 8-15

"Errefuxiatuak ongi etorri!" erakusketa Sutegiko erakustaretoan: "Erakusketa honek jaso nahi ditu errefuxiatuen errealitateaz dagoen ezagutza eta kontzientziazio maila, eta harreraren aldeko gipuzkoar herritarren jarrera handitu, gazteen artean batik bat eta arreta berezia eskainiz adingabe eta emakume errefuxiatuen egoerari".

Urriak 14, ostirala

18:00 "Chertat eta Lehoia" Saharako ipuinaren kontaketa Santueneko ludotekan.

Nori zuzendua: adin guztiei.

Zehaztasunak: "Chertat eta Lehoia" Saharako ipuinaren kontaketa. "Ipuinaren protagonista Chertat pertsonai fiktizioa da, oso pertsonaia ezaguna Saharan. Chertatek lehoiarekin tratua egingo du, bera delako animalia nagusia, eta erraztasuna duelako ehizatzeko. Eta haragiaren truke, Chertatek ura emango dio. Elkartruke justua da. Gero, tratu horrek Chertati ekarriko diona kontatzen du ipuinak. Tximua ere sartuko da tartean, biak elkarren kontra jarriz... Animali gehiago ere azalduko dira ipuinean: Ostruka, basamortuko tigrea, koiotea, hiena, elefantea... Guztiak, garai batean Saharan bizi zirenak, eta egun desagertuta daudenak".

Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.

Urriak 15, larunbata

Usurbil Herri Anitza! Jaia

"Aniztasunaren balioa aldarrikatu eta plazaratzeko asmoz, Usurbil, herri anitza! izenburupean hainbat ekintza antolatu dituzte herritarrek eta Usurbilgo Udalak elkarlanean".

Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta hainbat herritar.