Lip-dub grabazioa urriaren 16an, erraustegiari buruzko herri galdeketa girotzeko

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 5a, 11:59

Urriaren 21, 22 eta 23an hitza hartuko du herri honek, erraustegiari buruz erabakitzeko aukera izango du, Erraustegia Erabakia herri plataformak deitu duen herri galdeketan. Herritarren parte hartzea sustatu nahi dute, eta girotze aldera, astebete lehenago, urriaren 16rako "Lib Dup" ekimena antolatu dute, "erraustegia parte hartu eta hartu hitza" aldarripean. Jendetsua izatea nahi duten hitzordu honetan bideoklip bat grabatuko da, Fermin Muguruzaren "Hitza har dezagun" abestiarekin. Haur, gazte, eta heldu, herritar ororen parte hartzea erakarri nahi dute. Egitekoa erraza izango da; urriaren 16an goizeko 11:00etan Kaxkora gerturatu.

Antolatzaileek zehaztua duten ibilbide baten baitan kokatu beharko da jendea. Eta hortik aurrera, ekitaldia grabatuko duen kameraren zain egon. Kamera gerturatzen ari dela ikustean, antzeztu, dantza egin, abestu, musika instrumenturen bat jo, etxetik ekarritako objekturen bat erakutsi, haize errota koloretsuak esaterako.... "bakoitzak nahi duena egin ahalko du", iragarri dute antolatzaileek. Irudimena lantzeko gonbita luzatzen digute, "lip-dub honetan denek izango dute bertan aritzeko aukera. Beraz, norbanako nahiz talde zein eragile oro animatu nahi ditugu".

Aurreratu dutenez, "bozketa moduko bat antzeztu nahi dugu. Lekuko bat egongo da eta lekuko horrek ibilbide osoa egingo du. Amaieran, frontoian den hautestontzi batean sartuko dugu". Askatasuna plazako bolatoki gainetik antzezlan batekin abiatu eta Bordatxo aurreko errotonda, Mikel Laboa plaza, udaletxea eta frontoia lotuko ditu ekimenak.

Parte hartzea sustatzeko

Lehenbizi, entsegu saioak egingo dira eta segidan egingo da behin betiko grabazioa. "Animatu eta hartu hitza!" gonbita luzatu du Erraustegia Erabakia herri plataformak. Antolakuntzaren aholku bat; bideoklipa grabatzeko baliatuko den Fermin Muguruzaren "Hitza har dezagun" abestia ezagutzen ez duenak, ikasten joateko deia egin dute. Albiste honi atxikitako bideoan duzue abestia. Ikasterraza dela nabarmentzen dute Erraustegia Erabakia herri plataformatik. Eta abestia bera ezin egokiagoa da zalantzarik gabe, bete nahi dituzten helburuei begira. Ate joka dugun herri galdeketari begirako herritarren parte hartzea sustatu nahi dute. Herritarrak erraustegiaren inguruan hitza hartzera animatu. Kantuan edota dantzan lehenik; bozka bidez gero.

Herri galdeketari begirako agenda

Urriak 16, igandea

11:00 "Lib Dup" grabazioa Kaxkoan.

Ibilbidea: Askatasuna plazako bolatoki gaineko begiratokitik abiatuko da ekimena. Gero Bordatxo aurreko errotondari buelta eman eta Mikel Laboa plazara. Hortik udaletxera eta handik frontoira.

Zehaztasunak: lehenbizi entsegu saioak egingo dira, eta segidan, grabazioa. Norberak, dantza egin, abestu, antzeztu, edota nahi duena egin ahalko du. Irudimena lantzeko gonbita luzatzen dute antolatzaileek.

Urriak 21, 22 eta 23

Erraustegiari buruzko herri galdeketa Usurbilen.

Informazio gehiago:

erraustegiaerabakia.wordpress.com

erraustegiaerabakia@gmail.com

Twitter: @U2erabaki

Antolatzailea: Erraustegia Erabakia Herri Plataforma.