Hazte afaria ospatuko dute lehenik eta etxeko taldeen kontzertuak gauerditik aurrera. Kezka, Odolaren Mintzoa eta Zaparra Aginagako Eliza Zaharreko oholtzan izango ditugu, jaien azken txanpa honi ekiteko Lehen urtea egin du oholtza gainetan, Zaparra rock talde usurbildarrak. Udako bira, Aginagako jaietan borobilduko du ostegun honetan. Koadrilan osaturiko taldea sendotzen doa denborarekin. Aginagako hitzorduaren ostean, kontzertuei begirako prestaketetan baino talde barrura begira lan egin nahi dute, kantuak sortzen ahaleginduz.
Nahita edo bat batean bururaturiko izena duzue Zaparra?
Kontzertu bat genuen eta izena behar genuen. Entsegu batean izenak botatzen hasita bururatu zitzaigun. Zaparra edo zaparrada zalantzan izan ginen. Azkenean zaparra hautatu genuen. Herriko jendeak zaparra erabiltzen du egurra bezala. Hori ere gustukoa izan genuen. Zaparra, egurra.
Taldea koadrilatik osatu zenuten.
Denok batera ibiltzen gara koadrilan. Beste taldeetan jotzen genuen. Arrazoi ezberdinengatik talde horiek ez ziren aurrera atera, bidean geratu ziren. Taldea osatzea erabaki genuen. Iazko udan hasi ginen entseatzen eta Atxegaldeko jaietarako esan ziguten ia kontzertua eskainiko genuen. Hortxe hasi zen dena, iazko abuztu amaieran.
Lehen emanaldi hura nola oroitzen duzue orain, urtebeteko ibilbidea osatu ostean?
Ondo, urduri. Bertsioak jo genituen. Jende asko ez zen egon, baina egon zirenak oso gustura. Horrek ere aurrera segitzeko motibatu zigun. Uda osoan egon ginen topera prestatzen eta gustura geratu ginen. Ordutik bi kanta sortu ditugu. Bertsioekin ere hobekuntza egon da. Aurten berriz kontzertua eskaini dugu Atxegaldeko jaietan. Bietan egon direnek esan digutenez, asko nabaritu da aldaketa, bai gure kantekin eta eskenatoki gaineko jarreran.
Bi kanta sortu dituzue. Zer diote, taldearen nortasuna definitzen dute?
Sortu dugun bigarren abestiak nortasunaz hitz egiten du. Askotan hitz egin dugu gure estiloari eusteaz eta gustatzen zaigun jendea erakartzeaz. Ez dugu jendearen baldintzapean aritu nahi.
Nola ikusten duzue oholtza gainetik jai giroa?
Askotan publikoak osatzen duen U modukoa ikusten da. Are gehiago, kontzertua eskaintzen lehenak izanda. Lehen emanaldietan, jendea egongo ez zen edo taldea gustukoa izango ez zen beldurra bazen. Baina orain ikusten dugu horri ez diogula begiratu behar. Guk geure kontzertua egin eta jendeak gustukoa badu askoz hobeto.
Udako bira zer moduz joan zaizue?
Anoetako Gaztetxean esaterako oso gustura aritu ginen. Ez genuen uste, baina jendetza bildu zen. Kontzertua eskaintzen bigarrenak ginen. Jendea motibatuta, batzuk jauzika, talde kide bat sorbalda gainean hartu zuten. Iaz hasi ginen Atxegaldeko jaietan. Gero Usurbilgo Gaztetxean Izeberg taldearekin batera aritu ginen, Sagardo Egunean, Santixabeletan, Astigarragan jo genuen, Atxegalden berriz ere, Anoetan eta Santuenean. Inguruko jaietan jo dugu gehienbat, ateratzea ere zaila egiten baitzaigu. Orain Aginagan joko dugu.
Hurrengo kontzertua Aginagan. Hau ere oholtza berria.
Herriko beste bi taldeekin, Kezka eta Odolaren Mintzoarekin batera gainera, eta gustura. Herriko jendea animatuko da. Giroa egotea espero dugu. Eliza Zaharrak ere xarma berezia du. Jendeari esan animatzeko eta etortzeko ikustera. Herriko hiru talde garela, hiru estilo ezberdin. Polita izango da aniztasun hori ikustea. Gau polita izango da.
Aginagako emanaldiarekin, bira amaiera?
Facebook eta gmailetik gonbidapenak bidali genituen, ia erantzuten diguten. Itxarotea tokatzen da. Kanpoan ikasten dugunez, leku guztietako klase kideak ditugu. Haien artean ere zabaltzen ari gara. Lortuko ditugu emanaldi batzuk. Pixkanaka ia Euskal Herrira zabaltzen garen. Anoetan batek esan zigun Eskean Kristorekin kontzertua lotuko zigula. Ikaragarri gustukoa dugu taldea. Zain gaude ia noiz deitzen digu.
Kanpoan ikastea taldearen ibilbidea jorratzeko muga ote zen galdetu behar genizuen, baina aukera ere bada?
Bere abantailak eta desabantailak ditu. Gu asteburuetan gaude hemen, baina egiteko asko dugu. Entseatzea beti ere zaila egiten zaigu. Astean behin gutxienik entsegu bat jartzeko helburua izaten dugu. Gure kantak sortzen segi. Bizpahiru ideia baditugu. Zaila egiten da astean behin elkartuta aurrera eramatea taldea, baina lortuko dugulakoan gaude. Gainera kontzertuak lortuta ere motibagarriagoa ere bada. Azken aldian, kontzertuak prestatzeko entseatu izan dugu. Baina entseatu behar dugu taldea aurrera eramateko, ez kontzertua prestatzeko.
Eskertza
Mikel Romerok (bateria), Jon Guadixek (kitarra eta abeslaria) eta Jon Mikel Azpiazuk (gitarra eta abeslaria) osatzen dute Zaparra. Laugarren kide bat ere izan zuten, Aitor Zaldua. Gerora taldea utzi behar izan zuena eta haren lekua hartu zuen Mattin Iribar usurbildarrak. “Asko lagundu digu. Azken lauzpabost kontzertuak berarekin eskaini ditugu”, adierazi digute Zaparrakoek. Mattinek beste musika talde bat du eta kontzertu kopuru mugatu bat baino ez zuen hitzartu Zaparra taldekoekin. Baina gustura segitzen du taldean. “Poztasun handia eman digu, plus bat ematen dio taldeari”, adierazi digute. Bestalde, Itoitz Rodriguezen aipamena egin nahi dute. “Hasiera batean taldea berarekin osatu behar genuen, berak izan behar zuen abeslaria. Baina AEB-tan ari da ikasten. Kontzertu askotan igo da kanta batzuk abestera”, gogorarazi digute.
Aginagako jaiak 2016
Urriak 6, osteguna: Gazte Eguna
21:00 Gazte afaria.
00:00 Kontzertuak Eliza Zaharrean: Kezka, Odolaren Mintzoa eta Zaparra.
Urriak 7, ostirala: Umeen Eguna
10:00 Jolasak frontoian.
13:00 Bazkari goxo-goxoa Eliza Zaharrean.
Arratsaldean, puzgarriak plazan, primerako txokolate jana eta buruhandi bizi-biziak!
19:00 Martxan Go taldearekin dantzan jartzeko saioa.
21:00 Bertso-afaria Eliza Zaharrean: Egaña eta Lizaso. Txartelak 18 eurotan salgai aldez aurretik, Aitzagan eta Arrate egoitzan.
00:00 Erromeria Eliza Zaharrean: Oharkabe Taldea.
Ondoren, Karaokea.
Urriak 8, larunbata: Gaupasa Eguna
16:00 XXXV. Mus Txapelketa herrikoia (inskripzioa, 15:30-16:00 artean. Oharra: bikotekide batek aginagarra izan behar du).
18:00 Gorriti.
19:00 Poteoa Elektrotxarangarekin.
00:30 Kontzertuak frontoian: Gozategi, Laiotz.
04:00 Aros DJ Eliza Zaharrean.
Oharrak:
-Herriko jubilatuen eskulanak ikusgai apaizetxean, urriaren 1ean, 4an, 7an eta 8an.
Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.