Espazio publikoa berrantolatzeko prozesu parte hartzailea martxan da Usurbilen. Udalak jaso ditu "Kale Irekiak" egitasmorako hainbat ekarpen, azken egunotan, Aginagan, Zubietan eta Kaxkoan egin dituen lehen batzarretan.
Etorkizuneko espazio publikoa diseinatu nahi da, herritarrak eta herritarren beharrak ardatz izango dituen prozesu honen bidez. Nolako Usurbil nahi dugun erabakitzeko ekimen gehiago egingo dira datozen asteotan, haurrekin, emakumeen topaketak antolatuko dira, baita eguneroko bizimoduaren eta mugikortasunaren inguruko saio bat ere. Azaroaren 2ra arte luzatuko den prozesu honen baitako saio guztiotan jasotako ekarpenak, plan zuzentzaile batean bilduko dira. Plan hau landuko duen Urak Bide, tokiko arkitektura eta ingeniaritza taldeak hainbat irizpide finkatuko ditu gero, mugikortasunari (oinezko eta bizikleten erabilera lehenesteari, eguneroko bizimoduan, haur eta nagusien zaintza lanak kontuan hartzeari, emakume eta haurren segurtasunari, irisgarritasunari...) dagokionean.
Eta plan hau ere berriro jendaurrean aurkeztuko da 2017ko otsailean. Bertan, herritarrek berriz lehentasunak finkatzeko aukera izango dute.
Hurrengo saioen egutegia
Urriak 17-20, astelehenetik ostegunera
Haurren astea ikastolan eta herrian zehar: “Eman diezaiegun hitza umeei!”. “Umeek ere badute zer esanik Usurbilgo kale, plaza eta parkeen inguruan. Nork erabiltzen ditu kaleak beraiek baino gehiago? Nor da autoaren arriskua gehien jasaten duena? Nor da herriko txoko guztiak ezagutzen dituena? Herriko eskolarekin elkarlanean hainbat saio burutuko dira umeekin beraien Usurbil marraztu, oztopo eta beharrak identifikatu eta proposamenak jasotzeko”.
Urriak 19, asteazkena
18:30 Emakumeon topaketa Potxoenean: bideo emanaldia eta hausnarketa. "Ikuspegi propioa daukagu Usurbilen inguruan, eta ezinbestekoa da gure parte hartzea! Gazte, heldu zein adineko zatoz zure bizipenak kontatzera. Denon artean guztiontzako herri hobeago bat eraikiko dugu! Geure beharrak ere kontuan hartzen dituen Usurbil, alegia".
Urriak 22, larunbata
10:00 Batzarra Potxoenean: “Eguneroko bizimodua eta mugikortasuna”. "Saio honetan, herrian gehien erabiltzen ditugun espazioak identifikatu eta aztertuko ditugu. Aproposak al dira ditugun beharretarako? Egokiak al dira umeak bakarrik egoteko? Adinekoak elkartzeko? Gauez bertatik pasatzeko? Usurbilen erradiografia honekin herritarrok dauzkagun traba eta oztopoak identifikatu eta etorkizunean babestu eta indartu beharrekoak zeintzuk diren jakingo dugu".
Urriak 26, asteazkena
18:30 Emakumeon topaketa Potxoenean: Ibilaldia herrian zehar. "Usurbilgo Udalak martxan jarri duen "Kale Irekiak" proiektuan lehendabizi nolako Usurbil nahi eta behar dugun erabakiko dugu herritarrok parte hartze bidez. Usurbilek txoko ugari ditu, baina, ez dira denontzako aproposak. Aztertu ditzagun bada ibilalditxo bat egiten dugun bitartean, eta ireki ditzagun guretzako itxiak direnak; positiboz eta negatiboz jantziko dugu herria hausnarketa egiten dugun bitartean".
Azaroak 2, asteazkena
18:30 Batzarra Potxoenean: "Aurreko egunetako lan-saioetan sortu eta aztertutako materialean oinarrituta konponbideak, hobekuntzak eta aldaketak proposatuko ditugu; herritarron bizitza atseginagoa eta errazagoa izan dadin lagunduko dutenak. Zeuk ere baietz proposamenen bat izan? Animatu parte-hartzera!".
Otsailean...
Plan Zuzentzailea egingo da eta "espazio urbanoaren inguruan proposatu dituzuen aldaketak aurkeztu eta herriarentzat lehentasuna dutenak zeintzuk diren erabakiko dugu orduan".
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.