16 egun, herritarrek erraustegiaz duten iritzia ezagutzeko

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 7a, 10:02

Erraustegiari buruzko herri galdeketarako atzera kontua abiatu du jada Erraustegia Erabakia herri plataformak, besteak beste, Bordatxo aurreko errotondan jarri duten panelaren bidez. 16 egun baino ez dira geratzen erraustegiaz usurbildar eta zubietarrek iritzia emateko. Erraustegia nahi duten edo ez adierazteko. Gai honen inguruko herri borondatea ezagutzeko. "Zure botoak garrantzia du!", nabarmentzen dute herri plataformatik.

Laguntzarako deia

Urriaren 21etik 23ra iragarria dagoen erraustegiari buruzko galdeketa Erraustegia Erabakia plataforman bildutako herritarrek antolaturikoa izango da. Ekimen hau gauzatzeak hainbat gastu eragingo ditu, eta biziki eskertzekoa izango da, herritarren diru-laguntza. Gastuei aurre egiteko laguntza biltzeko ekimen desberdinak abian ditu Erraustegia Erabakia herri plataformak. Batetik, kamisetak erosi ditzakezue 6 eurotan NOAUA! K.E.-ren egoitzan. Bestalde, diru ekarpenak egiteko kontu zenbakia ere zabalik du herri plataformak. Zenbaki honetan egin ditzakezue zuen diru ekarpenak: ES 36- 3035 0140 37 1400030079. Honez gain, galdeketa antolatzeko bolondresak behar dituzte. Prest daudenek idatzi dezatela email bat, erraustegiaerabakia@gmail.com helbidera. Hautesmahaietarako taldea osatu dute. Asteazkenean batzartu ziren Potxoenean.

Erraustegiari buruzko herri galdeketa

Egunak: urriak 21 (ostirala), urriak 22 (larunbata) eta urriak 23 (igandea).

Galdetuko dena: "Erraustegia egitea nahi al duzu ala ez?".

Erantzun posibleak: "Bai" eta "Ez" dioten bi bozka paper izango dira aukeran. "Gutun-azala hutsik badago edo paper zuria badu, bozka zuritzat hartuko da. Eredu ofizialari egokitzen ez zaizkion bozka txartelak baliogabeak izango dira".

Nortzuk parte hartu ahalko duten: Usurbilen eta Zubietan erroldaturiko 16 urtetik gorako herritarrek.

Galdeketa auzoka:

Urriak 21, ostirala: 16:00-20:00 Aginaga.

Urriak 22, larunbata: 9:00-14:00 Santuenea.

Urriak 22, larunbata: 16:00-20:00 Zubieta.

Urriak 23, igandea: 9:00-20:00 Kaxkoa.

Oharra: edozein mahaitan bozkatu ahalko da, norberari ondoen datorkion egun eta orduan.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa: 

-DNI-NAN, EHNA+Errolda agiria, pasaportea edo gidabaimena.

-Espainiar estatuak herritartzat hartzen ez dituen pertsonek dokumentuotako bat erakutsi beharko dute: bizileku-txartela, jatorrizko estatuak jaulkitako nortasun agiria edo pasaportea, nortasun agiria/ziurtagiria, edo gidatzeko baimena.

Oharrak:

-Kasu guztietan, aurkeztu beharreko dokumentazioan bizitokia Usurbil edo Zubieta dela agertu beharko da. "Hala ez bada, Udalaren erroldatze ziurtagiria (aurkeztutako identifikazio-agiria baino berriagoa eta 2016koa) eraman beharko da".

-Agirien zenbakiak galdeketaren zioetarako besterik ez dira erabiliko eta bozka birritan ez dela ematen ziurtatzeko. Behin betiko emaitzak ezagutzera eman ondoren, zenbaki horiek deuseztatu egingo dira.

Bozka ematea:

"Mahaiko kideek, bozka emailearen adina, usurbildarra edo zubietarra dela, eta aurretik ez duela bozka eman ziurtatu ondoren, bere NAN-aren edo atzerritarren kasuan bere dokumentuaren zenbakia apuntatuko dute".

Bozka zenbaketa:

Urriaren 23an 20:00etan hauteslekua itxi ostean, bozka zenbaketa ekitaldi publikoan egingo da. "Emaitzaren akta altxatuko da eta emaitza, herritarrei ez ezik, Donostia eta Usurbilgo udalei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinaraziko zaie".

Berme Batzordea:

Herritarrez osatua egongo da. Galdeketa prozesu osoa ikuskatzea eta protokoloak ezartzen duenaren arabera betetzen dela bermatzea izango du bere zeregina.

Laguntzarako deia:

-Bolondresak beharko dira antolaketa lanetarako eta galdeketa egunetan, hautes-mahaietan egoteko.

-Antolaketa gastuei aurre egiteko kamisetak salgai dituzue 6 eurotan NOAUA!n, eta kontu zenbaki bat ere zabaldu dute: ES 36- 3035 0140 37 1400030079.

Informazio gehiago:

erraustegiaerabakia.wordpress.com

erraustegiaerabakia@gmail.com

Twitter: @U2erabaki

Antolatzailea: Erraustegia Erabakia Herri Plataforma.