San Marko Mankomunitateak eta Gipuzkoak badu zer hobetua gaikako bilketa datuei dagokienez, Usurbilgo errealitatearekin alderatzen badugu behintzat. Udalerri honetako gaikako bilketa, aipatu bi eremuotako bataz bestekoen oso gainetik baitago. Duela egun gutxi Udalak kaleraturiko datuen arabera, 2016ko lehen seihilekoan Usurbilgo birziklatze tasa %83,76koa izan zen. 2015eko datuekin alderatuta, %0,15ean hobetu da gaikako bilketa. Otsailean esaterako %85,58ko tasaraino ere heldu ginen.
Usurbil kide duen San Marko Mankomunitatean aldiz, sortutako hondakinen %45,94 birziklatu zen iaz. Aurtengo lehen seihilekoan, hondakinen %46,86. Gipuzkoako bataz bestekoa %49,09an zegoen iaz Foru Aldundiak ezagutzera eman berri dituen ehunekoen arabera. Aurten, urtarriletik ekainerako tarte horretan, %50,82ra igo da. Aipatzekoa da, Gipuzkoan azken 9 urteetan %30,30etik %50,82ra hazi dela gaikako bilketa. Usurbilen aldiz, 2009an atez ateko bilketa abiatu eta hilabete gutxira %80ko birziklatze tasaraino heldu ginen. Ehuneko horretara, Usurbilgo datuetara gehien hurbiltzen den Gipuzkoako eremua Debagoienako Mankomunitatea dugu. Iaz, ingurune hartan gaikako bilketa %77,11koa zen. 2016ko lehen seihilekoan, %80,39koa.
Hondakin zatien datuei dagokienean, aipatzekoa da Gipuzkoan %70aren bueltan dabilela beira edota paper eta kartoiaren gaikako bilketa. Aldiz, gehien ekoizten dugun hondakin zatiak, organikoak, gainerako zatien bilketa datuen oso azpitik segitzen du. %37aren bueltan.
Gipuzkoako gaikako bilketa Mankomunitateka (2016ko lehen seihilekoa)
2015 | 2016 | |
San Marko | %45,94 | %46,86 |
Txingudi | %38,56 | %45,31 |
Tolosaldea | %63,01 | %62,78 |
Sasieta | %57,81 | %57,95 |
Urola Erdia | %52,46 | %50,67 |
Urola Kosta | %43,57 | %46,64 |
Debagoiena | %77,11 | %80,39 |
Debabarrena | %39,17 | %40,57 |
Gipuzkoa | %49,09 | %50,82 |
Gipuzkoako gaikako bilketa (2016ko lehen seihilekoa)
2016 | 2015 | |
Beira | %73,71 | %75,20 |
Papera eta kartoia | %71,19 | %68,63 |
Ontziak | %51,99 | %51,60 |
Biohondakina | %37,58 | %29,06 |
Datu gehiago: Gipuzkoako gaikako bilketa, 2016ko lehen seihilekoa