Txokoalderen egoerari buruz hitz egiteko asanblada gaur

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 10a, 08:31

Auzoaren egoeraz hitz egiteko batzarra deitu du txokoaldetar talde batek, astelehen honetarako, urriak 10, arratsaldeko 18:00etan Erroizpe elkartean. "Bileran landuko den gaia, auzoaren egoera izango da", berri eman dute. Bilera irekia izango da, auzotar guztiak daude gonbidatuak.

Txokoaldeko tren geltokia, ekimen soziokulturaletarako

Garai bateko Txokoaldeko tren geltokia biziberritu asmo du Usurbilgo Udalak. Gunea jarduera soziokulturaletara bideratu nahi du. Horretarako, Eusko Trenbide Sarearekin elkarlanerako hitzarmena sinatuko du, eraikinaren erabileraren lagapena gauzatzeko. Hitzarmen hau sinatzearen alde agertu zen udalbatzaren gehiengo osoa, irailaren 27an egin zen iraileko osoko ohiko bilkuran. PSE eta EHBilduko udal ordezkariek babestu zuen proposamena. EAJ-ko ordezkariek aurka bozkatu zuten, ez baitute argi ikusten zertarako baliatu nahi den aipatu eraikina, zer nolako baldintzetan utziko den eta zer kostu eragingo dituen.

Gobernu taldetik erantzun zitzaien esanez, hainbat arlo hartzen dituela eremu soziokulturalak eta hitzarmen honek ez duela "murritza izateko bokaziorik" Xabier Arregi alkateak zioenez. Hitzarmen honekin eraikina erabiltzeko esleipena gauzatuko dela, eta aurrerago zehaztuko dela gunearen erabilera.

Azalpenok ez zuten aldarazi EAJ-ren posizionamendua. Aipatu moduan, proposamenaren aurka bozkatu zuten. Gehiengo osoz onarturiko hitzarmena 5 urtetarako sinatuko da, urtez urte beste 5 urtera arte luzagarria izango da. Alegia, gehienez 10 urtera arte. Usurbilgo Udalak nabarmentzen duenez, "bere eskumenen barruan, interesa du zenbait jarduera kultural sustatzeko, eta horretarako, egoki irizten du Aginagako geltoki zaharreko eraikinari erabilera hori ematea, kontuan izanda une honetan ez duela tren erabilerarik, ezta bestelakorik ere".

Lehen, baserritarren erabilerarako 

1987an Eusko Jaurlaritzak Usurbilgo Udalari geltokiaren erabilera doan esleitu zion 50 urtetarako, "inguruko baserritarrek erabil zezaten". Udalbatzak esleipen hura onartu zuen urte hartako apirileko osoko bilkuretako batean. Usurbilgo Udalaren izenean alkateak sinatuko duen hitzarmen berri honekin, erabilera aldaketa gauzatuko da.