Urriaren 16ko "Lip Dub" grabazioan parte hartzeko deia

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 10a, 10:35

Askatasuna plaza, Bordatxo aurreko errotonda, Mikel Laboa plaza, udaletxea eta frontoia lotuko ditu, Erraustegia Erabakia herri plataformak urriaren 21, 22 eta 23rako antolatzen ari den herri galdeketarako parte hartzea sustatzeko urriaren 16an grabatuko duen lip-dub ekimenak. Jendetsua izatea nahi duten hitzordu honetan bideoklip bat grabatuko da "erraustegia parte hartu eta hartu hitza" aldarripean, Fermin Muguruzaren "Hitza har dezagun" abestiarekin. Haur, gazte, eta heldu, herritar ororen parte hartzea erakarri nahi dute. Egitekoa erraza izango da; urriaren 16an goizeko 11:00etan Kaxkora gerturatu.

Antolatzaileek zehaztua duten ibilbide baten baitan kokatu beharko da jendea. Eta hortik aurrera, ekitaldia grabatuko duen kameraren zain egon. Kamera gerturatzen ari dela ikustean, antzeztu, dantza egin, abestu, musika instrumenturen bat jo, etxetik ekarritako objekturen bat erakutsi, haize errota koloretsuak esaterako.... "bakoitzak nahi duena egin ahalko du", iragarri dute antolatzaileek. Irudimena lantzeko gonbita luzatzen digute, "lip-dub honetan denek izango dute bertan aritzeko aukera. Beraz, norbanako nahiz talde zein eragile oro animatu nahi ditugu".

Aurreratu dutenez, "bozketa moduko bat antzeztu nahi dugu. Lekuko bat egongo da eta lekuko horrek ibilbide osoa egingo du. Amaieran, frontoian den hautestontzi batean sartuko dugu". Askatasuna plazako bolatoki gainetik antzezlan batekin abiatu eta Bordatxo aurreko errotonda, Mikel Laboa plaza, udaletxea eta frontoia lotuko ditu ekimenak.

Parte hartzea sustatzeko

Lehenbizi, entsegu saioak egingo dira eta segidan egingo da behin betiko grabazioa. "Animatu eta hartu hitza!" gonbita luzatu du Erraustegia Erabakia herri plataformak. Antolakuntzaren aholku bat; bideoklipa grabatzeko baliatuko den Fermin Muguruzaren "Hitza har dezagun" abestia ezagutzen ez duenak, ikasten joateko deia egin dute. Albiste honi atxikitako bideoan duzue abestia. Ikasterraza dela nabarmentzen dute Erraustegia Erabakia herri plataformatik. Eta abestia bera ezin egokiagoa da zalantzarik gabe, bete nahi dituzten helburuei begira. Ate joka dugun herri galdeketari begirako herritarren parte hartzea sustatu nahi dute. Herritarrak erraustegiaren inguruan hitza hartzera animatu. Kantuan edota dantzan lehenik; bozka bidez gero.

Herri galdeketari begirako agenda

Urriak 16, igandea

11:00 "Lib Dup" grabazioa Kaxkoan.

Ibilbidea: Askatasuna plazako bolatoki gaineko begiratokitik abiatuko da ekimena. Gero Bordatxo aurreko errotondari buelta eman eta Mikel Laboa plazara. Hortik udaletxera eta handik frontoira.

Zehaztasunak: lehenbizi entsegu saioak egingo dira, eta segidan, grabazioa. Norberak, dantza egin, abestu, antzeztu, edota nahi duena egin ahalko du. Irudimena lantzeko gonbita luzatzen dute antolatzaileek.

Urriak 21, 22 eta 23

Erraustegiari buruzko herri galdeketa Usurbilen.

Informazio gehiago:

erraustegiaerabakia.wordpress.com

erraustegiaerabakia@gmail.com

Twitter: @U2erabaki

Antolatzailea: Erraustegia Erabakia Herri Plataforma.