Usurbildarra da, autoak harrapatuta hil den gizonezkoa

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 11a, 13:45

Ezbeharra gertatu da goizaldean, oinezko nahiz lasterkariek Zubieta edo Lasarterako  joan etorrietarako baliatzen duten Usurbilgo pasabide arriskutsuenetakoan. N-634 errepidean, Troia parean izan da. Goizeko 07:00etan auto batek gizonezko bat harrapatu du Lasartetik Usurbila bidean zetorrela, eta unean bertan hil da. Larrialdi zerbitzuek ezin izan dute ezer egin. Hildakoa, usurbildarra da. Duela egun gutxi hain zuzen, web orrialde honetan bertan argitaratu genuen argazki batean agertzen zen. Manuel Diaz Argüello. Aurten 80 urte bete dituen herritarra. 1936an jaiotako gainerako herritarrekin batera omendu zuen Gure Pakea Elkarteak, urriaren 2an Atxega Jauregian ospaturiko bazkarian. Manuel, ezkerraldetik hasita zutik dagoen alkandora arroseko lehenengo gizonezkoa duzue.

Honako herritar hauek omendu zituen Manuelekin batera, Gure Pakea Elkarteak: Pilar Garmendia, Joxe Zubiria, Miren Alkain, Nieves Aranburu, Maria Angeles Pagola, Maria Zapirain, Julian Illarramendi, Rosario Lasa, Ignacio Aizpurua, Lutxi Lopetegi, Mari Kruz Agirre, Francisco Segurola, Alfredo Ruiz, Adolfo Castro, Israel Gomez, Miguel Garcia, Magdalena Gaitero eta Maria del Carmen Villanueva.

Errepidea zabalik

Goizeko 07:00etan jazotako istripuaren ondorioz, N-634 errepideko erreil bat itxi behar izan dute. Auto ilarak izan dira ordutik, goizeko 09:00ak pasatxora arte. Errepidea dagoeneko guztiz zabalik dago. Istripuaren nondik norakoak argitzeko ikerketa abiatu du Ertzaintzak.