Errefuxiatuen errealitatera hurbiltzeko aukera, Sutegin zabaldu duten erakusketan

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 11a, 13:00

SOS Arrazakeria taldekoen erakusketa interesgarri eta mamitsua bisita dezakezue egunotan Sutegiko aretoan. "Errefuxiatuak ongi etorri!" izena du.  "Erakusketa honek jaso nahi ditu errefuxiatuen errealitateaz dagoen ezagutza eta kontzientziazio maila, eta harreraren aldeko gipuzkoar herritarren jarrera handitu, gazteen artean batik bat eta arreta berezia eskainiz adingabe eta emakume errefuxiatuen egoerari", berri eman dute antolatzaileek.

Erakusketara gerturatzen garenean gainera, jatorri ezberdinetako usurbildarrek egingo digute harrera. Larunbatean ospatuko dugun Usurbil Herri Anitza jaialdiko antolaketa lanetan parte hartzen ari diren herritarrak. Erakusketatik osteratxoa egin eta solasean aritzeko aukera aparta beraz, larunbatera arte Sutegin.

Aniztasuna, plazara

Jatorri, errealitate, bizimodu eta kultur aniztasuna etxean bertan dugu, agian ordea ez dugu gai honen inguruko ezagutza handirik. Aniztasunaren balioa aldarrikatu eta plazaratzera dator hain zuzen, larunbatean, urriak 15, ospatuko dugun Usurbil Herri Anitza jaialdiak. Usurbilgo Udala eta jatorri ezberdinetako hainbat herritarrek elkarlanean egun osorako ekitaldiak iragarri dituzte, baita aurretik, egunotako ere. Honatx egitarau osoa:

Urriaren 15era arte

"Errefuxiatuak ongi etorri!" erakusketa Sutegiko erakustaretoan:

Ordutegia:

-Larunbat, igande eta eta jai egunetan: 12:00-14:00.

-Astetartean: 18:00-20:00.

-Urriaren 15ean: kalera aterako dute erakusketa.

Urriak 14, ostirala

18:00 "Chertat eta Lehoia" Saharako ipuinaren kontaketa Santueneko ludotekan. Adin guztietako herritarrentzat.

Zehaztasunak: "Ipuinaren protagonista Chertat pertsonai fiktizioa da, oso pertsonaia ezaguna Saharan. Chertatek lehoiarekin tratua egingo du, bera delako animalia nagusia, eta erraztasuna duelako ehizatzeko. Eta haragiaren truke, Chertatek ura emango dio. Elkartruke justua da. Gero, tratu horrek Chertati ekarriko diona kontatzen du ipuinak. Tximua ere sartuko da tartean, biak elkarren kontra jarriz... Animali gehiago ere azalduko dira ipuinean: Ostruka, basamortuko tigrea, koiotea, hiena, elefantea... Guztiak, garai batean Saharan bizi zirenak, eta egun desagertuta daudenak".

Urriak 15, larunbata

"Aniztasunaren balioa aldarrikatu eta plazaratzeko asmoz, Usurbil, herri anitza! izenburupean hainbat ekintza antolatu dituzte herritarrek eta Usurbilgo Udalak elkarlanean".

12:00 Aurkezpena herriko dantzariekin.

12:15 Bizilagunak proiektuaren aurkezpena (SOS Arrazakeria).

13:30 Jatorri ezberdinetako herritarrak prestatutako jakien dastaketa.

16:30 Munduko berbena (Txatxilipurdi elkartea).

18:30 Munduko dantzak (Amaia Gonzalez Caballero).

20:00 Kontzertua: Son Kandela Musikarte elkartea.