Hamarnaka eragile, Erraustegia Erabakiaren lip-dub grabaketan parte hartzeko prest

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 11a, 14:45

Denetariko 30 eragileek baino gehiagok bat egin dute jada, Erraustegia Erabakia herri plataformak urriaren 21etik 23ra antolatu duen herri galdeketa girotzeko, igandean grabatuko den lip-dub ekimenean parte hartzeko deialdiarekin. Kirol taldeak, jai batzordeak, guraso taldeak, irakasleak, musikariak... urriaren 16ko ekitaldian hitza hartzeko prest dira. Hitzorduko parte hartzaileen behin behineko zerrenda duzue segidan. Ez behin betikoa. “Egunetik egunera eragile gero eta gehiago ari zaizkigu apuntatzen eta zaila egiten ari zaigu behin betiko zerrenda hori osatzea”, herri plataformatik ohartarazi dutenez.

Eragileez gain, norbanakoek, nahi duen herritar orok parte hartu ahalko du grabazioan. “Urriak 16 eguerdian ez gelditu etxean! Hartu apaingarriren bat eta animatu erdigunera hurbildu eta lipdub koloretsu honetan parte hartzera!”, luzatu dute gonbita, Erraustegia Erabakia herri plataformatik.

Atxikimendu zerrenda amaigabea

1-Erraustegia Erabakia Herri Plataforma.

2-Pagazpe PKE.

3-Usurbil K.E.

4-Atxegaldeko Jai Batzordea.

5-Kalezarreko Jai Batzordea.

6-Santueneko Jai Batzordea.

7-Jubilatuak.

8-Orbeldi Dantza Taldea.

9-Trikitilari eta panderojoleak (+Zumarte Musika Eskola).

10-Sukaldariak.

11-Usurbil F.T.

12-Kantu Taldea.

13-Sagardoaren Lagunak.

14-Tabernariak.

15-Lauburu, Buruhandi eta Erraldoien Konpartsa.

16-Andatza M.K.T.

17-Zubietako Eskola Txikiko Guraso Elkartea.

18-Zubietako Herri Batzarra.

19-Zubietako Jai Batzordea.

20-Zubieta Lantzen, Erraustegiaren Aurkako Taldea.

21-Zubietako Pilota Elkartea.

22-Zubieta Lantzen Txirrindulari Taldea.

23-Matrakak Talde Feminista.

24-Ernai.

25-LAB.

26-EHBildu.

27-Etxerat Elkartea.

28-Herriko musika taldeak.

29-Usurbil BTT.

30-Irakasleak.

31-Aginagako Eskola Txikiko Guraso Elkartea.

Oharra: behin behineko zerrenda.

Irudimena baliatu

Askatasuna plaza, Bordatxo aurreko errotonda, Mikel Laboa plaza, udaletxea eta frontoia lotuko ditu, Erraustegia Erabakia herri plataformak urriaren 21, 22 eta 23rako antolatzen ari den herri galdeketarako parte hartzea sustatzeko urriaren 16an grabatuko duen lip-dub ekimenak. Jendetsua izatea nahi duten hitzordu honetan bideoklip bat grabatuko da "erraustegia parte hartu eta hartu hitza" aldarripean, Fermin Muguruzaren "Hitza har dezagun" abestiarekin. Haur, gazte, eta heldu, herritar ororen parte hartzea erakarri nahi dute. Egitekoa erraza izango da; urriaren 16an goizeko 11:00etan Kaxkora gerturatu.

Antolatzaileek zehaztua duten ibilbide baten baitan kokatu beharko da jendea. Eta hortik aurrera, ekitaldia grabatuko duen kameraren zain egon. Kamera gerturatzen ari dela ikustean, antzeztu, dantza egin, abestu, musika instrumenturen bat jo, etxetik ekarritako objekturen bat erakutsi, haize errota koloretsuak esaterako.... "bakoitzak nahi duena egin ahalko du", iragarri dute antolatzaileek. Irudimena lantzeko gonbita luzatzen digute, "lip-dub honetan denek izango dute bertan aritzeko aukera. Beraz, norbanako nahiz talde zein eragile oro animatu nahi ditugu".

Aurreratu dutenez, "bozketa moduko bat antzeztu nahi dugu. Lekuko bat egongo da eta lekuko horrek ibilbide osoa egingo du. Amaieran, frontoian den hautestontzi batean sartuko dugu". Askatasuna plazako bolatoki gainetik antzezlan batekin abiatu eta Bordatxo aurreko errotonda, Mikel Laboa plaza, udaletxea eta frontoia lotuko ditu ekimenak.

Parte hartzea sustatzeko

Lehenbizi, entsegu saioak egingo dira eta segidan egingo da behin betiko grabazioa. "Animatu eta hartu hitza!" gonbita luzatu du Erraustegia Erabakia herri plataformak. Antolakuntzaren aholku bat; bideoklipa grabatzeko baliatuko den Fermin Muguruzaren "Hitza har dezagun" abestia ezagutzen ez duenak, ikasten joateko deia egin dute. Albiste honi atxikitako bideoan duzue abestia. Ikasterraza dela nabarmentzen dute Erraustegia Erabakia herri plataformatik. Eta abestia bera ezin egokiagoa da zalantzarik gabe, bete nahi dituzten helburuei begira. Ate joka dugun herri galdeketari begirako herritarren parte hartzea sustatu nahi dute. Herritarrak erraustegiaren inguruan hitza hartzera animatu. Kantuan edota dantzan lehenik; bozka bidez gero.

Herri galdeketari begirako agenda

Urriak 16, igandea

11:00 "Lib Dup" grabazioa Kaxkoan.

Ibilbidea: Askatasuna plazako bolatoki gaineko begiratokitik abiatuko da ekimena. Gero Bordatxo aurreko errotondari buelta eman eta Mikel Laboa plazara. Hortik udaletxera eta handik frontoira.

Zehaztasunak: lehenbizi entsegu saioak egingo dira, eta segidan, grabazioa. Norberak, dantza egin, abestu, antzeztu, edota nahi duena egin ahalko du. Irudimena lantzeko gonbita luzatzen dute antolatzaileek.

Urriak 21, 22 eta 23

Erraustegiari buruzko herri galdeketa Usurbilen.

Informazio gehiago:

erraustegiaerabakia.wordpress.com

erraustegiaerabakia@gmail.com

Twitter: @U2erabaki

Antolatzailea: Erraustegia Erabakia Herri Plataforma.