2017ko jaien egutegia ere gaurkoa bezala, Espainiako eta erlijio ospakizunei lotua

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 12a, 09:47

Gorriz ageri zaigu asteazken hau egutegian. Jai egun ofiziala dugu urriaren hamabigarren hau. Hispanitatearen Eguna, Espainiako jai egun nazionala. Gertutasun edo urruntasun handiagoz bizi arren, Espainiak urtero markatzen digun jai eguna. Hau eta gainerako ia festa egun guztiak, erlijio edo Espainiako naziotasunari loturiko ospakizun egunak baitira egutegian gorriz ageri zaizkigun gehienak. Hala izaten segiko du hurrengo urtean ere, aldaketarik ez baita aurreikusten. Maiatzean Eusko Jaurlaritzak lehenbizi eta duela egun gutxi, Espainiako Gobernuko Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak 2017rako jaien egutegia onartu berri du. Urriaren 8ko

Estatuko Aldizkari Ofizialak argitaratu zuen erabakia.

Esandakoa, aldaketarik ez. 2017an ere Espainiako ospakizunek markatuko dute jaien egutegia. Aldaketa nagusi bakarra, Usurbilgo jai egunari dagokio.

Aldaketa Usurbilgo jai egunean

Usurbilgo jai eguna, urtero uztailaren 2a izan ohi da, Santixabel Eguna. 2017an ordea ez da hala izango. Datorren urteko Usurbilgo jai eguna, ekainaren 30a izango da, egutegi arrazoiengatik. Urtebete barru, festetako egun nagusia, uztailaren 2a, igandez egokituko da. Eta honenbestez, Usurbili dagokion beste jai egun bat hautatzeko aukera zuen Udalak. Ekainaren 30a proposatzen du udal gobernu taldeak, aldaketarik ez bada, herri hau urtebete barru Santixabeletan murgildua egongo den asteburuko lehen eguna izango baita.

2017ko Usurbilgo jai egutegirako aldaketa proposamen hau, maiatza amaieran egin zen osoko ohiko bilkuran aurkeztu zuen EHBilduk. Aho batez onartu zuen udalbatzak. Aldaketa honek, 2017ko egutegiari eragingo dio soilik.

2017ko jaien egutegia

Urtarrila: 6 (Jaunaren Agerkundea).

Apirila: 13 (Ostegun Santua), 14 (Ostiral Santua), 17 (Pazko Astelehena).

Maiatza: 1 (Langileen Eguna).

Ekaina: 30 (usurbildarron jai eguna).

Uztaila: 25 (Santio Eguna), 31 (San Inazio Eguna).

Abuztua: 15 (Andre Mariaren Jasokundea).

Urria: 12 (Hispanitatearen Eguna).

Azaroa: 1 (Santu Guztien Eguna).

Abendua: 6 (Espainiako Konstituzioaren Eguna), 8 (Andre Maria Sortzez Garbiaren Eguna), 25 (Eguberri Eguna).