Maialen Lujanbiorekin hitzaldi-solasaldia, urriaren 18an

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 12a, 08:31

Maialen Lujanbio bisitan datorkigu Usurbila urriaren 18an, NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik. Hitzaldi-solasaldia eskainiko du, arratsaldeko 19:00etan hasita Potxoenean. Gerturatu! Bat-bateko bertsoa eta sormen uneko mugak. Bertsoa, euskara eta sormena izango dira hitzaldiaren zutarriak. Nola lotzen dira hirurak? Zeintzuk dira bertako aukerak/mugak/mekanismoak? Zein da bat-bateko bertsogintzan ematen den sormen prozesua? Beste adierazpenekiko berezitasunak zeintzuk dira?. Puntu guztion gainean jardungo du Hernaniko bertsolariak.

20. urtemugako Kulturaldia

Maialen Lujanbioren bisitak, NOAUA! Kultur Elkartea azarorako prestatzen ari den Kulturaldira gerturatuko gaitu. Azaroko lehen hamabostaldirako eskaintza osatu askoa izango duzue, denetariko ekitaldiz hornitua. Berezia aurtengoa, 20 urte bete baititu NOAUA! Kultur Elkarteak. Laster izango dituzue argibide gehiago.