Arrakastatsua izan zen Nafartarrak taldeak urriaren 1ean Sutegin antolaturiko “Independentziarako bideak” jardunaldia. 120 lagunek parte hartu zuten. Euskal prozesuaz eta katalanaz aritu ziren, hainbat aurpegi ezagun.
Pil-pilean den prozesu katalanaz lehenbizi. 2017an antolatu asmo duten independentziari buruzko galdeketaren atarian dira. Prozesuak “ez du atzera bueltarik”, gai honi buruz hitz egiteko, Sutegira gonbidatu zuten aurpegi ezagun baten, ERC-ko buruzagi ohi Josep Lluis Carod-Roviraren esanetan. “Hilabete gutxi geratzen dira, ez dugu hutsik egingo eta irabaziko dugu, zuei ere desio dizuedan askatasuna”, zioen itxaropentsu eta baikor Carod-Rovirak, Sutegin bildutakoei.
Urteotan jorratu duten independentziaranzko bidearen errepaso bat egin zuen. Hainbat datu argigarri eskaini zituen. Independentziari beldurra izatetik, beldurrarengandik independizatzera heldu direla, zapalketaren aurka manifestatzetik independentziaren alde manifestatzera. Ezer egiterik ez dagoela eta “hoberena Espainiatik alde egitea dela” uste izatera. Katalana izatea kontzeptu inklusiboan bihurtu dela gaineratzen zuen. “Katalana izateko inork ez du bere nortasuna galdu behar”, sentimentu hori hedatu da hain anitza den Kataluniako jendartean. “Etxean, lantokian… edozein hizkuntzatan hitz eginda ere katalana da herritarren topagunea”, zioen Carod-Rovirak.
Jorratu nahi duten bide propio bat aurkitzeko ausardia izan dutela zioen, kanpoko ereduak imitatu gabe. “Ez dago kanpoko irtenbiderik. Ez dago konponbide katalanik euskaldunentzat. Ikasi daiteke, baina ez da irtenbidea”, zioen Carod-Rovirak.
Bere ustez, ezin da soilik historiatik eraiki herri independente bat. Nahiz ezinbestekoa den iragana. Baita oraina eta etorkizuna ere. Kultura, ongizatea eta demokrazia gosea, aintzakotzat hartu beharreko faktoreak dira bere ustez, Kataluniak bizi duen unea ulertzeko. Jorratu duten bidearen isla argi da, Parlamentean izan den iraultza. “25 urteren buruan, 3 parlamentariren babesa eta 132 aurka izatetik, 72 parlamentariren babesa izatera heldu gara. Ez dago batere gaizki”, zioen Carod-Rovirak.
Bide propio bat jorratzeke
Carod-Roviraren saioaren ostean, euskal prozesuaz jardun zuten gero, Pako Aristik, Eneko Bidegainek eta Ane Larrinagak. EHUko irakasle eta soziologoa da Larrinaga. Euskal estatu propioaren inguruan eginiko ikerketa baten emaitzak aurkeztu zituen Sutegin. Ondorio argi bat atera du; euskal estatu independenteaz ari garenean, ez dugu argi zer lurralderi buruz ari garen. Batzuentzat EAE da, besteentzat Hego Euskal Herria, eta gainerakoentzat zazpi herrialdeak. %40a estatu propio independente bat izatearen alde legoke, %35 aurka, eta %25ak ez du argi edo ez du erantzun. Independentzia zaletu gehienak EAEn omen daude. Datuok eskuotan ziotenez, independentista portzentai garrantzitsu bat bada gure artean. “Baina ez da gehiengoa, ez dago egonkortua programa argi baten bueltan”.
Pako Aristik datuoz ohartarazi zuen, datuok kontu handiz maneiatu behar direla, “euskal errealitateak ez baititu garatzen iritzi eta joerok askatasunean, dominazio testuinguru batean baizik”. Ez da gauza bera bere ustez, existitu ez eta diseinatzeke dagoen Estatu bat nahi dugun galdetzea, edo askatasun giro batean, errealitate horri uko egin nahi diogun galdetzea. Eneko Bidegain, Mondragon Unibertsitateko komunikazioko irakaslearen ustez, batzen gaituen euskara bezain garrantzitsua da lurraldetasuna. Nabarmentzen zuenez, azken hamarkadotan ordea, estatu eta administrazio ezberdinetan zatikatua dugun Euskal Herria eta herria bera gehiago sakabanatzera eraman dute. Duela hamarkada batzuk eratu ziren erakundeen lehen kanpamendu inprobisatu hartan gaudela oraindik, itxuraz betiko.
Kataluniako eta euskal prozesuen artean bada alde nabarmenik beraz, Nafartarrak taldekoek antolaturiko jardunaldiotatik ondorioztatu zutenez. Katalunian independentziaren aldeko mugimendua hegemonikoa den artean, gurean hegemonia horretara heltzeko bidea geratzen zaigu.