Animalietatik eratorriak ez dauden jakiekin prestaturiko afari beganoa antolatzen hasi da berriz Usurbilgo Gaztetxea. Uda osteko lehen hitzordua, ostegun honetarako deitu dute, urriaren 13rako, 20:30etan Gaztetxean bertan. Eta borondatearen truke.
Ilusioz ospatu dute, laugarren urtemuga
Alkartasuna Kooperatibaren egoitza ohiaren okupazioa atzo gauzatu zela dirudi, baina denbora igaro da ordutik. Lau urte bete dituen Usurbilgo Gaztetxekoekin bildu gara eta aipatu digutenez, oroitzapenetan ondo iltzatua dute une hura. Gogoan dute, “herrian zehar egin genuen kalejira eta nola okupatu genuen. Jendetza izan zen hemen. Lehen egun haietan eginiko asanbladak sinestezinak ziren, Usurbil bezalako herri baterako. 80 pertsona biltzera heldu ginen. Herriko gazte piloa hemen garbitzen, gogoz... Oroitzapen ona”.
4 urteok hegan joan direla diote. “Lau urte pasa dira eta oraindik hemen gaude. Okupatu genuenean esan ziguten hiru hilabete pasata botako zutela. Eraitsi artean hemen segiko genuela erabaki genuen. 4 urte igaro dira ordutik eta hemen jarraitzen dugu”, azaldu diote NOAUA!ri.
2012ko abuztuaz geroztik, ekimen mordoa antolatu izan dute. Emankorra izan da Usurbilgo Gaztetxearen ibilbidea. “Ekintza guztien batuketa bat egin nahi dugu”, zerrenda luzea baita. “Kontzertu piloa, haur ekintzak, Usurbiltzenen otarrak ere hemen banatu izan dira, hileroko afari beganoa, dantza afrikarrak, tailer mordoa, Kalefit taldekoak ere hemen ibiltzen dira. Goian patinetekoak daude. Jaietako maskotak ere egin izan dira hemen. Gure Esku Dagoko afari jendetsu bat egin zen”, oroitzen dute laugarren urtemuga honetan.
Ibilbide emankorra
Arrastoa utzi duten ekimenak izan dira. “Bisitan etorri zaizkigun artistak, hitzaldiak eta ikastaroak eskaini izan dituztenak, beste jende bat ezagutzeak emandako aberastasuna. Hori ere positiboa izan da. Elikadura aldetik ere zenbaitek ezagunak ez genituen zenbait elikadura eredu ezagutu ditugu. Musikalki ohiko irratietan entzuten ez ditugun hainbat talde eta jende ezagutu dugu”, adierazi dute Usurbilgo Gaztetxeko kideek.
Bestelako eskaintza baten aldeko apustua egiten segitzen dute, espazio ireki eta alternatiboan. Irailaren 23an laugarren urtemugako kontzertu gaua antolatu zuten, Joseba Tapia eta Besamotzak, Rukula eta Zozo taldeekin. Ekimen gehiago ere antolatzekotan dira Gaztetxekoak. Esaterako, “erosten aritu beharrean, kitarren pedalen tailerra egin nahi da. Etxean bertan, pedalak egiteko. Ez da hain konplexua”. Masaje tailerra edota film proiekzio bat ere iragarri dituzte. Honez gain, “beste aire bat” eman nahi diote espazioari. Egunotan gunea txukundu eta margotzen ari ziren. Taberna gune bat egokitzekoak dira.
Eraistea, gertuago
Gunea okupatu zenetik jakitun ziren etxebizitza promozio baten kokagunean zirela. Hilabete batzuen buruan eraitsi behar zuten Gaztetxea. Baina 4 urte igaro dira eta Alkartasuna Kooperatibaren egoitza ohian segitzen dute. Etorkizun hurbilak ordea, aldaketak ekar ditzake. Badirudi, gerturatzen doala Gaztetxeko eta inguruko eraikinak eraisteko eguna, Gaztetxekoentzat, “guretzat sozialak ez diren etxebizitzak” eraikitzen hastekoa. Okupazio egunetik argi dute halere, gunea bera baino garrantzitsuagoa dela egitasmoa bera. “Eraikina edozein izanda ere garrantzitsuagoa ikusten dugu asanblada bat mantendu eta gauzak egiteko gogo hori egotea. Horri heltzen diogu. Ez gaude eraikin honi lotuak”, gogorarazten dute.
Ideiak gauzatzeko gunea
Biltzeko egun finkorik ez dute. Baina haiekin hartuemanetan jartzeko Facebook bidez jar zaitezkete harremanetan. “Ateak irekita daude gerturatu nahi duenarentzat. Datorrena ongi etorria izango da. Animatu!”.
Jende kopuru aldetik urteotan beherakada egon dela ikusten dute. “Saiakera piloa egin dira jendea erakartzeko baina ez da lortu. Paretak sortzen dira, belaunaldi artean eta koadrilak eta oso zaila da hori aldatzen”, diote. Dagoen taldeak ordea ilusioa galdu ez eta aurrera segitzeko asmoa du. “Gazteek leku bat izan eta haien ideiak eta asmoak garatzeko ilusioa ez da galdu. Positiboa da, espazio honetan ideia bat izatetik bukaeraraino eraman dezakezula ikustea, ahaldun sentitzea. Herritar guztiak sinetsi behar dugu badela Gaztetxea, herraminta bat hori aurrera eramateko eta edozein garela gai bertan parte hartu eta dugun gogo hori asetzeko”.