Abian da, Udalak eta Elhuyar Aholkularitzak usurbildarrekin batera diseinatu nahi duten Bigarren Berdintasunerako Planari loturiko parte hartze prozesua. Irailaren 21ean herritarrekin eginiko lehen bilera positiboki baloratu dute, Elhuyar Aholkularitzako teknikari Aizaga Zeberiok eta Naiara Arrik. Aurreko planaren garapen maila azaldu eta bigarrena lantzen hasi ziren. Lanketa honetan sakonduko dute, ostegun honetarako, 18:00etan Potxoenean deitua duten bigarren batzarrean.
Lehenengo parte hartze saioa zer moduz joan zen?
Aizaga Zeberio: Taldeka, datozen urteetan aurrerapausoak emateko erronkak edo lehentasunezko eremuak zein izan daitezkeen pentsatzen hasi ginen. Lanketa ondo joan zen. Hainbat ideia atera ziren; kirol arloan eragiten segi beharra dagoela, herritarren sentsibilizazioa landu, indarkeriaren gaia ere atera zen… Herritarrek ikusten zuten azken urteotan ibilbide bat egin dela, duela urte batzuk sinesgaitza izan zitekeela gai honekin lotuta hamalauko taldea elkartzea. Udal ordezkari politiko eta teknikariekin beste bilera bat egin genuen, egunotan dugu bigarrena. Haiekin eginiko lanketan atera zen, Udalak bere barne jarduera horretan berdintasunaren ikuspegia txertatzeko hainbat pauso eman behar dituela. Genero ikuspegia lanean txertatzeko jarraibide praktikoak eskatzen zituzten. Bilera horretan ere atera zen, hezkidetza programak eskola txikietara eta adin tarte handiagora ere zabaltzeko beharra.
Udan gai honen inguruko galdeketa egin zenieten herritarrei. Zer datu bildu dituzue?
Naiara Arri: 24 lagunek erantzun dute inkesta. Tartean, 19 emakumeek.
A.Z.: Ondo baloratzen da Udalak alor honetan azken urteoetan egin duen ibilbidea. Etorkizunera begirako lehentasunezko eremutzat jotzen dute, gazteen artean tratu ona eta berdintasuna sustatzea, indarkeriaren gaia, berdintasunaren gaira gizonezkoak ere gerturatu beharra, Udalak eta Matrakak taldearen artean dagoen elkarlana.
Bigarren bilera hilaren 13an. Bertaratu nahi duenak zer ekarpen egin ditzake?
A.Z.: Lehen bileran hasitako lanketan sakonduko dugu. Erronka batzuk identifikatu genituen. Asmoa, erronka horiei heldu eta ekimen zehatzetan pentsatzen hastea litzateke. Herriko errealitatera ahalik eta gehien egokituko den plan bat nahi badugu, ezinbestekoa izango da herritarrak beraiek izatea ekimenak proposatuko dituztenak.
N.A.: Animatuko genituzke, aurreko bileran etorritako kirol elkarteak bueltatzera, eta kultur elkarteek eta bestelako eragileek badute zeresanik gai honetan, hurbiltzera baita. Eremu asko daude kontziente ez garenak, baina egiteko asko izan dezaketenak.
Zuen eskutik zer bide egingo du gero, bilera hauetan jasotakoak?
A.Z.: Ekarpenak teknikoki antolatu eta planari forma emango diogu. Bigarren planaren lehen zirriborroa dugunean, prozesuan parte hartu duten guztiei bidaliko diegu eta haiek ere ekarpenak egiteko aukera izango dute berriz.
N.A.: Abendurako behin betiko plana prest izatea da asmoa. Urtarrilean martxan jartzeko asmoa dago.
“Bide bat dago egiteko”
Eremu honetan zein da egiten duzuen lanketa?
N.A.: Elhuyarren unietateetako bat aholkularitza da eta bertan jorratzen dugu partaidetza, euskara eta berdintasuna. Enpresa eta erakunde publikoekin lan egiten dugu. Horrez gain, Elhuyar Zientziaren eta euskalgintzako eremuko eragile bat den heinean, zientzia eta generoan ere hainbat lan berritzailegoak egiten ari gara.
Halako planak ugaritzen ari dira? Erakunde eta herriak Usurbilgo bide bera jorratzen ari dira?
N.A.: EAE, estatu mailan bada berdintasun publiko politikak egiteko garaian, erreferentzia puntu bat. Badira herri batzuk ibilbide bat egin eta jada laugarren plana garatzen ari direnak EAE mailan, beste batzuk oraintxe hasi direnak. Zabaltzen doa.
A.Z.: Berdintasunerako Legeak derrigortzen euskal administrazioak berdintasunaren aldeko plangintza egitera derrigortzen ditu. Guztiz koherentea eta beraien betebeharra da, berdintasunareko politika publikoak egitea. Bide bat dago egiteko.