Hain zuzen Santuenea 25 zenbakiko hirugarren ezkerra helbidean kokatua dagoen etxebizitza izango da Usurbilgo Udalak enkantera aterako duena. 2015eko udaberrian atera zuen Udalak jabetzan duen pisu hau eta Santuenea, 17-1º A helbidean kokaturiko bizilekua enkantera, baina uda hartan bertan desertu deklaratu zuten deialdia.
Aipatu moduan, bi bizilekuotako bat berriz enkantera aterako du Udalak. Gutxieneko prezio bat finkatua dute; 106.323,45 euro. Gehienezkoa baita; 132.823,45 euro. Etxebizitza eraberritua dago barrutik. "Lizitazioan esku-har dezakete, zuzenean edo ordezkari bitartez, pertsona natural edo juridikoek, espainiar edo atzerritarrek, Kode Zibilak aurreikusitakoaren arabera jarduteko gaitasun osoa badute eta ez badute Sektore Publikoko Kontratuen Legeko Testu Bateginak 60. artikuluan ezarritako kontratatzeko inolako debekurik. Ezin izango dira eskuratzaileak izan konkurtsoa eskatuta daukatenak edo konkurtsoan deklaratuta daudenak, edozein prozeduretan kaudimengabetzat jo direnak, esku-hartze judizialaren mende daudenak edo 2003ko uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera ezgaituak izan direnak", Udalak ohartarazi duenez.
Esleipen honetan parte hartzeko interesa dutenek, Usurbilgo Udalean eskura ditzakete beharrezko agiriak eta baita argibide gehiago ere. Eskaintzak aurkezteko epea bihartik, urriaren 14tik abenduaren 20ra arte aurkeztu ahal izango dira. Epe hau igarota, eskaintzak irekitzeko hitzordua, "lizitatzaile guztiei jakinaraziko zaie udal web gunearen bitartez".
Informazio gehiagorako:
943 371 951
943 371 493 (Fax-a)
kontratazioa@usurbil.eus
Urriaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala
Irudia: Usurbilgo Udala.