Badator Errigoraren elkartasun kanpaina berria, Nafarroako denetariko produktu goxo askoez hornituriko otarrena. Urriaren 24tik azaroaren 8ra bideratu ahalko dituzue eskaerak. Antolatzaileak dagoeneko prestaketa lan betean dira. "Errigoraren sorrerako ametsak beteta, amestuko ditugu zerumuga berriak? Joango gara ERRIGORAgo? Izango gara ERRIGORAgo? Bost minutuan Errigora nora heldu den eta nora eraman nahi dugun azaltzen saiatu gara", albiste honi atxikia duzuen bideoaren bidez.
2013ko udan martxan jarritako egitasmo honek izan duen hiru urteotako ibilbidearen errepasoa egiten dute sustatzaileek, ikus-entzunezko lan honetan. Nafarroako tokiko ekoizpena eta produktuen salmenta sustatu eta jasotako laguntza euskalgintzako proiektuetara bideratu duen egitasmoak izandako arrakastaren erakusle diren pare bat datu segidan. 200 herri eta milaka etxeetara heldu dira. Ia 500.000 euroko laguntza batu da 3 urteotan. Aipatzekoa usurbildarrek emandako laguntza. Azken urte honetan esaterako, kontserba loteen udaberriko kanpainan, NOAUA!n soilik, 69 lote eskatu ziren, 121 oliba olio bidoi banatu ziren neguan eta duela urtebete, produktu ezberdinez hornituriko 69 otar banatu ziren.
Handitzen doa proiektua: bai ekoizle kopurua, baita kontsumitzaileena ere, datorren elkartasun kanpainak ederki islatuko duen moduan. "Amets egitea gauza ederra da, ederragoa ametsa egitea. Baina oraingoan ere ezin dugu egin zu gabe, zatoz Errigorago, goazen Errigorago, Errigorago gaitezen!", gonbidatzen gaituzte. Laster, elkartasun kanpainaren inguruko zehaztasun gehiago izango dituzue. Momentuz, 3 urteotako ibilbide emankorraren inguruko honako bideo hau plazaratu du Errigorak.
Irudia eta bideoa: errigora.eus