Uztailean mendian zendu zen Tiburtzio Arruti bilatzeko lanetan aritu zirenentzako eskertza afaria antolatu dute. Gogoan izango duzue, usurbildarraren desagerketaren berri izan bezain laster, ekin zitzaien bilaketa lanei. Zereginotan parte hartu zuten besteak beste Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak, erreskate zerbitzuek eta hainbat bolondresek. Zoritxarrez, bere desagerketaren berri izan eta bi egunera hilik aurkitu zuten Tiburtzio.
Bilaketa lanetan eskainitako laguntzagatik, bi hegaluze oparitu zizkion familiakoen izenean, Tiburtzioren Orioko arreba Nieves Arrutik Andatza M.K.T.-ri. Bi hegaluzeokin marmitakoa egitea erabaki dute mendizaleen taldetik. Eta sukaldatutako jakia, bilaketa lanetan parte hartu zuten guztiekin partekatu nahi dute urriaren 21erako, ostirala, iluntzeko 20:30etan Aitzaga Elkartean antolatu duten afarian. Otordura, bilaketa lanetan parte hartu zuten lagun guztiak daude gonbidatuak. Antolatzaileek jada hainbat laguni jakinarazi diote deialdia. Baina jakinarazpena jaso ez duzuenok, izena aurrez eman beharko duzue, urriaren 19a baino lehen, Aitzaga tabernan jarria egongo den zerrendan. Edaria baino ez da ordaindu beharko.
Tiburtzioren omenez
Tiburtxio Arrutiren heriotzak samin handia eragin zuen herritar askoren artean. Azkenaldian lan handia egiten ari zen Gurea Pakea Jubilatuen Elkartean. Haren izenean hartzen zuen parte festetako jai batzordean. Eta batzordekide izandakoek, hain zuzen, bertso hau osatu zuten bere omenez.
TIBURTXIORI
Lagun bat bagenuen,
izpirituz gaztea,
Santixabel Batzordean,
gazte ta heldu artean,
guztiontzat maitea.
Mendia maite zuen,
maite zuen mendia.
Eta ostegun batean,
gailurretako bakean,
hartu zuen bidia.
Non hago, zer larretan,
Usurbilgo laguna,
mendi hegaletan gora,
oroitzapen den gerora,
ametsetan joan haizena?
(“Xalbadorren heriotza”ren doinua)
Santixabeletako Jai Batzordea