Herrian dugun aniztasuna plazaratu eta elkarbizitzarako zubiak eraikitzen segitzeko aukera aparta izango da larunbatean, urriak 15, Usurbilgo Udalak eta herritar talde batek antolatu duten Usurbil Herri Anitza jaian. “Animatu eta etorri”, luzatu dute gonbita. Jatorri ezberdinetako herrien eta herritarren topagunea izango da jaialdia.
Besteak beste, iaz bezala gertuko nahiz munduko hainbat txokotako jakiak prestatuko dizkigute, haien sorterriko gastronomia ekarriko digute Usurbilen bizi diren jatorri ezberdinetako herritarrek frontoian egokituko dituzten postuetara. Iaz arrakasta izan zuen ekimena indartu nahian dabil antolakuntza. Jatorri anitzetako herritarrak ariko dira sukaldari lanetan. Prestaketa lanak frontoian egingo dituzte, eta jakiak ere leku berean zerbitzatuko dituzte. Munduan zeharreko gastronomian bidaiatzeko aukera beraz larunbatean, herritik mugitu ere egin gabe. Eta bide batez, postuetan egongo diren herritarrekin hitz egin, eta haien berri jaso ahalko dugu. Antolatzaileek horretara animatzen gaituzte, harremantzera, Usurbilen ditugun mundu ezberdinak lehen eskutik, besteren artean, ondoko irudian agertzen diren herritarren ahotik ezagutzera. “Behar, jatorri ezberdinak ditugu. Denok Usurbilen bukatu dugu. Aniztasun hori islatu nahi genuke”, adierazi digute.
Herritarrok modu aktiboan parte hartu dute antolaketa lanetan. Larunbateko ekitaldien prestaketa lanetan soilik ez, egunotan Sutegiko aretoan ikusgai duzuen SOS Arrazakeria taldearen “Errefuxiatuak ongi etorri!” erakusketara joaten bazarate, jatorri ezberdinetako usurbildarrek egingo digute harrera.
Bizilagunak, mahaiaren bueltan
Dantza, musika eta gastronomia uztartuko dituen jaialdiaren hasieran, SOS Arrazakeriaren proiektuetako bat aurkeztuko dute jendaurrean. Azaroaren 13an, igandez, 14:00etan Euskal Herriko hainbat etxeetan ospatuko den “Bizilagunak” egitasmoa. Herri berean bizi diren jatorri ezberdinetako familiak mahai baten bueltan biltzea ahalbidetuko duena. Dinamizatzaile batek egingo du “zubi-lana”. Herritarren arteko harremanak sendotzea helburu duen ekimen hau larunbatean aurkeztuko dute frontoian. “Ia animatzen den Usurbilgo jendea”, diote antolatzaileek. Iaz bi familiek parte hartu zuten. Izen emate orriak, SOS Arrazakeriak munduko arroza eskuragarri jarriko duen postuan izango dituzue.
Lanketan sakondu nahian
Ez lukete herri aniztasunaren aldeko lanketa larunbateko jaialdira mugatu nahi, jarraipena eman asmo diote urtean zehar ekimen gehiago eginez. Taldera batu nahi lukeenak, larunbatean antolatzaileei jakinarazi ahalko die. Bestela, Gizarte Zerbitzuetara jo besterik ez du. Gauza bera, “hurrengo urteko jaialdian postua jarri nahi duena ere animatzen dugu gurekin kontaktuan jartzera”. Herriak Usurbil Herri Anitza ekimenari eginiko harrera eta Udalak eskainitako laguntza eskertu nahi dute.
Aniztasuna plazan
Urriaren 15era arte
"Errefuxiatuak ongi etorri!" erakusketa Sutegiko erakustaretoan: "Erakusketa honek jaso nahi ditu errefuxiatuen errealitateaz dagoen ezagutza eta kontzientziazio maila, eta harreraren aldeko gipuzkoar herritarren jarrera handitu, gazteen artean batik bat eta arreta berezia eskainiz adingabe eta emakume errefuxiatuen egoerari".
Ordutegia:
-Larunbat, igande eta eta jai egunetan: 12:00-14:00.
-Astetartean: 18:00-20:00.
-Urriaren 15ean: kalera aterako dute erakusketa.
Urriak 14, ostirala
18:00 "Chertat eta Lehoia" Saharako ipuinaren kontaketa Santueneko ludotekan. Adin guztietako herritarrentzat.
Zehaztasunak: "Ipuinaren protagonista Chertat pertsonai fiktizioa da, oso pertsonaia ezaguna Saharan. Chertatek lehoiarekin tratua egingo du, bera delako animalia nagusia, eta erraztasuna duelako ehizatzeko. Eta haragiaren truke, Chertatek ura emango dio. Elkartruke justua da. Gero, tratu horrek Chertati ekarriko diona kontatzen du ipuinak. Tximua ere sartuko da tartean, biak elkarren kontra jarriz... Animalia gehiago ere azalduko dira ipuinean: Ostruka, basamortuko tigrea, koiotea, hiena, elefantea... Guztiak, garai batean Saharan bizi zirenak, eta egun desagertuta daudenak".
Urriak 15, larunbata
12:00 Aurkezpena herriko dantzariekin.
12:15 Bizilagunak proiektuaren aurkezpena (SOS Arrazakeria).
13:30 Jatorri ezberdinetako herritarrak prestatutako jakien dastaketa.
16:30 Munduko berbena (Txatxilipurdi elkartea).
18:30 Munduko dantzak (Amaia Gonzalez Caballero).
20:00 Kontzertua: Son Kandela Musikarte elkartea.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta herritar talde bat.