Maindire txuriekin erraustegiaren aurka mobilizatzeko deia, larunbatean Donostian

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 14a, 09:53

Herritarron osasunaren eta diruaren kontura aberastu nahi dutenak zuzenean salatzeko dinamika berria abiatzera doa Erraustegiaren Aurkako Mugimendua. Datozen asteotarako, "mobilizazio eta ekimenak biderkatuko ditugula jakinarazten dugu, beti ere gure dirua eta osasunaren kontura aberastu nahi duten multinazional, banketxe eta politikarien ardura salatuz". Hauei guztiei honako mezu eta eskaera hau luzatu diete. "Pentsatu bi aldiz non sartzera zoazten, gipuzkoarrok ez dugu erraustegirik nahi, ez dugu behar, eta ez dugu etsiko proiektua gelditu arte. Hots, beharbada diru itzela irabazi beharrean, dirua galduko duzuen hipotesia ere ondo aztertu. Eta gogoratu: gure eta gure ondorengoen osasunak negozio honek sor ditzakeen mozkin guztiak baino askoz ere gehiago balio du", gogorarazi dute.

Ohar bidez iragarri dutenez, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak finkatua du jada lehen hitzordua; larunbat honetarako, urriaren 15ean, eguerdiko 12:00etan mobilizatzeko deia egin dute Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza paretik Banco Santanderreko egoitzara, "Zuen negozioa, gure minbizia" aldarripean. Ekimenean parte hartzera animatzen dute. "Erraustegiaren aurkako Mugimenduak Gipuzkoako herritarrei kalera ateratzeko deia luzatzen die. Zeren eta oraintxe bertan, bulego ilunetan, eskrupulorik gabeko negozio-gizonak denon dirua eta osasunaren kontura aberastu nahian ari dira, Gipuzkoako agintari politikoen oniritzi lotsagabearekin", salatu dute.

"Herritarron salaketak entzun beharko dituzte"

Herritarren ahotsa entzuna izatea nahi dute. "Erraustegiek osasunari egiten dioten kaltea zientifikoki demostratuta egon arren, eta Gipuzkoan inoiz egin den diru publikoaren xahuketarik handienak herritarren artean sortu duen haserrea kontuan hartu gabe, Diputazioak erraustegiarekin egoskortuta jarraitzen du. Honen aurrean, Erraustegiaren aurkako Mugimenduak mobilizazioak areagotzea erabaki du, Herritarren aurkako eraso honen arduradun politikoen jokabidea salatzeaz gain, gure osasuna eta diruaren kontura aberastuko diren bankari zein enpresariek ere herritarron salaketak entzun beharko dituzte".

Mobilizazioak areagotzeko iragarpen hau, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak erraustegia eraiki eta kudeatzeko baldintza pleguak onartu eta martxan jarri zuen lehiaketa publikoaren azken txanpan dator. Prozedura hau gogor salatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. "Uda erdian, ezkutukeriaz, Diputazioak bedeinkapen politikoa eman zion Zubietako erraustegiaren proiektuari. Oporretara joan baino egun bat lehenago, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Zubietako erraustegia eraikitzeko baldintza-agiriak onartu zituen, herritarren protesta artean. Hortik aurrera, proiektuak bere tramitazio administratiboa jarraitu du, berriro ere ezkutukeriaz eta mugimendu susmagarriez beteta. Urriaren bukaerarako espero da hurrengo pausua: konkurtso publikoaren epe bukaera".

Ordura arte, enpresek eskaintzak aurkezteko tartea dute. Gogor salatu dute hauen guztien jarrera. "Diputazioak errauste planta eraikitzeko eta kudeatzeko pribatizaziora joko zuela, kontratua 1500-2000 miloi euro 35 urtetan izango zela eta benefizio enpresarial garbia %10,5ekoa izango zela iragarri zuenetik, Gipuzkoa putrez betetzen hasi zen. Putreak, bai, hau ez delako edozein negozio, hemen jendartearen osasuna jokoan baitago. Hortaz, konkurtsora aurkeztu diren multinazionalek eta atzean dauden banketxeek uste badute Gipuzkoako herritarrok beso gurutzaturik geratuko garela horrelako lapurretaren aurrean, oso oker daude".

Gogorarazten dutenez, geroz eta jendarte zabalagoa dago erraustegiaren aurka. "Herritarrak, medikuak, alderdi politiko gehienak, sindikatu guztiak, mugimendu ekologista, eragile sozial mordoa, Zubieta inguruko udaletxe gehienak (Andoain eta Lasarte barne), kirolariak, kulturgileak, ikasle, irakasle zein gurasoen elkarteak... argi eta garbi azaldu dira erraustegiaren aurka. Eta aurkakotasuna gero eta handiagoa da, gainera. Izan ere, erraustegiaren kalte kolateralak Gipuzkoa osora zabaltzen ari dira, Diputazioak zabortegiak han eta hemen kokatu nahi dituelako. Zentzu honetan, Erraustegiaren aurkako Mugimendutik gure elkartasuna bidali nahi diegu Debagoiena, Urola eta Goierrin zabortegien aurka, birziklapenaren alde eta errausketaren kontra sortzen eta ugaritzen ari diren herri mugimenduei", adierazi dute.

Irudia: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.