Azaroaren 13an "Bizilagunak" egitasmoan parte hartzeko deia

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 15a, 14:16

Elkar ezagutzen al gara herrian? Gaur ospatzen ari garen Usurbil Herri Anitza bezalako ekimenek argi uzten dute, badela azaleratzeke dauden herri, bizimodu, kultura eta errealite anitz, udalerri honetatik atera gabe. Egoera hau iraultzen laguntzeko, "Bizilagunak ezagutu!" aldarripean, SOS Arrazakeriak abian du orain urte batzuetatik Bizilagunak izeneko egitasmoa. Urtean behin, egun batez, etxeko mahai baten bueltan, jatorri ezberdinetako bi herritar talde (familiak, lagunak...) bazkari baten bueltan biltzean data ekimenak. Dinamizatzaile bat dago, bi herritar taldeon arteko zubi lana egiteko. "Begira ingurura! Herrialde desberdinetako hainbat lagun ikusiko dituzu zure hiriko kaleetan barrena... Galdetu al diozu inoiz zure buruari zerk ekarri dituen hona, zer bizipen eta inpresio duten hemengo bizitzari buruz? Edo agian zu zeu etorkina zara eta ez duzu sekulan bertako inor ezagutu eta lagunak izateko aukerarik izan, edo herrialde honi buruz gehiago jakiteko?".

Gipuzkoan jada 200 familiek baino gehiagok bat egin zuten iaz. Usurbilen bi sendiek baita. 2012. urteaz geroztik milaka lagunek parte hartu dute Bizilagunak egitasmoan. Baina proiektua indartzeko asmotan dira, aurten kirolari ezagunen babesarekin. "Aurten, zuk ere izan dezakezu esperientzia hori, eta Bizilaguna izan. Bertakoa edo kanpotik etorritakoa izanik, hemen bizi bazara familia, bikote, pisukide edo lagunekin eta zeure hiriko edo herriko beste familia bat ezagutu nahi baduzu, animatu bazkari batean parte hartzera!". Azaroaren 13an, igandez, ospatuko da Bizilagunak ekimenaren 2016ko edizioa. Parte hartzera animatzen gaitu, proiektu honen sustatzaileak, SOS Arrazakeriak. Mugimendu honetako kideetako batek, Tarana Karim Tolosako azerbayandarrak aurkeztu dizkigu proiektuaren nondik norakoak, euskaraz, Usurbil Herri Anitza jaialdiaren baitan ospatu den ekitaldian.

Azaroaren 13an, arratsaldeko 14:00ak aldera "Bizilagunak" egitasmoan parte hartu nahi duenak, izen emateko eta argibide gehiago jasotzeko bideok ditu:

943 32 18 11

Buruntzaldean: amherbizilagunak@gmail.com, 943 336 071/618 420 766.

sosracismobizilagunak@gmail.com

mugak.eu

Facebook: /Bizilagunak

Twitter: @bizilagunak2016

Antolatzailea: SOS Arrazakeria.