Erraustegiaren aurkako mobilizazio jendetsua egin dute, Aldundia eta Santander Bankuaren parean

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 15a, 11:52

"Zuen negozioa, guztion minbizia eta hondamendia" aldarripean erraustegiaren aurkako mobilizazio jendetsua egin dute larunbat eguerdi honetan Donostian; Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Santander Bankuaren parean. Lurrean etzanda eta maindire txuriekin estalita irudikatu nahi izan dute, Zubietan eraiki nahi diguten plantak, gure poltsiko, ingurumen eta osasunerako ekarriko duen kaltea. Mobilizazioa Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deitu du. Ohar honen bidez zehaztu ditu, gaur eginiko ekimenaren nondik norakoak:

Gutxi batzuen negozio iluna, guztion sufrimendua 

Errauste plantek minbizia sortzen dutela gauza jakina da. Arnas aparatuko gaitzak ugaltzen dituela gauza jakina da. Hondakinak birziklatu ordez hauek erretzea astakeria bat dela gauza jakina da. Oinarrizkoa den zerbitzu publiko bat pribatizatzea herritarren kalterako dela gauza jakina da. 35 urtetan 2.000 milloi euro ordainaraziko izkigun azpiegitura kutsatzaile bat eraikitzea arduragabekeria itzela dela gauza jakina da.

Hau guztia baldin badakigu, jakin al daiteke zergatik eraiki nahi edo “behar” duten?

Argi dago. Banco Santander eta La Caixa bezalako bankuek eta FCC bezalako enpresa handiek negozio borobila egiteko. Irabazle bakarrak beraiek izango dira. Gaur egun Banco Santander eta La Caixak milioika euro jasotzen dituzte hilero-hilero SWAPei esker, bere garaian egindako mailegua erabili ez bada ere.

Zenbat irabazi behar dute hurrengo errauste plantarekin? Badakigu diru-gosea bankero eta enpresarientzat ase ezina dela, baina gure osasunaren kontura ez dira aberastuko! EZ NOSKI! Ozen diogu: gure esku dagoen guztia egingo dugu errauste-planta ez eraikitzeko, baina eraikitzen badute ere, ez dugu guk finantzatuko! Jakin dezatela banku honetako zuzendariek gure diruarekin ez dutela kontatzen.

Irudiak: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.