Lip-dub grabazio arrakastatsua

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 17a, 14:50

Jendetsua, koloretsua... Mundiala izan da herria dantzan eta abesten jarri duen lip-dub grabazioa. Herri erakustaldi bikaina. Antolatzaileak ere pozik dira. "Zorionak eta esker beroenak eman behar dizkiegu parte hartzaile guztiei", adierazi dute Erraustegia Erabakia herri plataformatik. Fermin Muguruzari ere eskerrak helarazi nahi dizkiote, "“Hitza hartzera goaz” bere abestia ekitaldi honetan erabiltzeko aukera emateagatik, nekez aurkituko baigenuen gure nahietara hain ondo egokitzen diren hitzak".

Datorren asteburuko herri galdeketa deitu duen bilgunearen esanetan, 800 lagunek baino gehiagok parte hartu dute igande honetako lip-dub grabazioan. "Parte hartze izugarria", nabarmendu dutenez. "Kopuru ederra da, gizartearen parte hartzea aktibatuta dagoela erakusten duelako eta herritarron hitza kontuan hartu behar dela azpimarratu egiten duelako. Erraustegia ezarri nahi duten agintariek ezin diote ezikusiarena egin herritarren aldarrikapen honi", adierazi dute.

Aurreikuspen guztiak gainditu ditu deialdiak. "Partaidetza aldetik, espero genuena baina askoz ere handiagoa izan da, eta Erraustegia Erabakiaren helburu nagusia herritarren parte hartzea denez, gaur jaso dugun erantzunarekin oso pozik gaudela esan beharra dugu", nabarmendu dute. Gaurko ekitaldian adierazi dena, herriaren isla izan dela diote. "Ikusi duzuen bezala, ekitaldi  irudimentsu, koloretsu, umoretsu eta bizia izan da gaur herritarron artean gauzatu duguna. Balore berezia du guretzat, gaurko ekitaldi hau herri osoaren isla izan delako; bertan izan dira jai batzordeko kideak, guraso taldeak, kirol taldeak, dantzakoak, musikariak, irakasleak, mendizaleak, feministak... elkarteen zerrenda luzea norbanako asko eta askorekin batera", azpimarratu dutenez.

Igande honetakoa, datorrenaren atariko entrenamendua izan da. Lip-dubean egin bezala, parte hartzera animatzen gaituzte datorren asteburuko herri galdeketan. "Datorren aste bukaeran egingo den herri galdeketak babesa baduela erakutsi du herritarron artean osatu dugun ekitaldi honek. Eta beharrezkoa dela, gainera. Gaurko lip dubean bezala, herri galdeketan ere parte hartzera deitzen dugu Erraustegia Erabakia herri plataformatik", adierazi dute.

Aurkezpena ostiralean

Atzo grabaturiko lip-duba ostiral honetan, urriaren 21ean aurkeztuko dute jendaurrean, Erraustegia Erabakia herri plataformak arratsaldeko 20:00etan frontoian antolatu duen ekitaldian.

Irudi bilduma osoa hemen: Lip-dub grabazioa