Zenbait herri eragileek deituriko bazkari eta afarien astea dugu honakoa. Usurbil F.T.-k bete dituen 40 urteak bazkari eta ekitaldi gehiagoren bueltan ospatuko du larunbatean. Larunbat gauean berriz, Aginagako jaietako oilasko biltzaileen afaria antolatu dute. Eta ostiral gauerako, uztailean mendian zendu zen Tiburtzio Arruti herritarra bilatzen lagundu zutenentzako afaria Aitzagan. Hitzordu guztion zehaztasun gehiagoren berri segidan:
Aginagako jaietako oilasko biltzaileen afaria
Larunbaterako antolatu dute otordua, eta tradizio luzeko ekitaldi honetan parte hartu edota lagundu zuten guztiak gonbidatu nahi dituzte hitzordura. “Kaixo lagun! San Praixkuak joan dira eta oilasko biltzaileen afaria eta laguntzaile guztiena antolatzen gabiltza. Urriaren 22an izango da. Etortzeko asmorik baduzu abisatu aurrez. Apuntatzen ari zareten arabera erabakiko dugu non egingo den afaria. Konfirmatzeko idatzi whatsapp bidez 627 794 579 zenbakira (Aritz), urriaren 19a baino lehen. Gora San Praixkuak eta gora Agiñako herria! Abixatu ez hain gazteei ere!”.
Usurbil F.T.-ren 40. urtemugako ospakizunak
40 urte bete ditu Usurbil F.T.-k eta ospatzera doaz, urriaren 22rako Saizar sagardotegian antolatu duten bazkariarekin. Txartelak salgai dituzue jada urriaren 19ra arte, Benta, Bordatxo eta Txiriboga tabernetan. Bi menu izango dira aukeran; bat helduentzat 30 eurotan, eta bestea, gazteentzat 15 eurotan. "Animatu zaitezte!", luzatu dute gonbita.
Urriak 22, larunbata
12:00 Futbol partida irekia Haranen. "Gerturatzen direnekin jolastuko dugu".
14:30 Bazkaria Saizar Sagardotegian eta argazki erraldoia bertaraturikoekin. Izen ematea urriaren 19an itxi zen.
Ondoren, Dj Larra.
Antolatzailea: Usurbil F.T.
Tiburtzio Arruti Bilanzen lagundu zutenentzako afaria
Uztailean mendian zendu zen Tiburtzio Arruti bilatzeko lanetan aritu zirenentzako eskertza afaria antolatu dute. Gogoan izango duzue, usurbildarraren desagerketaren berri izan bezain laster, ekin zitzaien bilaketa lanei. Zereginotan parte hartu zuten besteak beste Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak, erreskate zerbitzuek eta hainbat bolondresek. Zoritxarrez, bere desagerketaren berri izan eta bi egunera hilik aurkitu zuten Tiburtzio.
Bilaketa lanetan eskainitako laguntzagatik, bi hegaluze oparitu zizkion familiakoen izenean, Tiburtzioren Orioko arreba Nieves Arrutik Andatza M.K.T.-ri. Bi hegaluzeokin marmitakoa egitea erabaki dute mendizaleen taldetik. Eta sukaldatutako jakia, bilaketa lanetan parte hartu zuten guztiekin partekatu nahi dute urriaren 21erako, ostirala, iluntzeko 20:30etan Aitzaga Elkartean antolatu duten afarian. Otordura, bilaketa lanetan parte hartu zuten lagun guztiak daude gonbidatuak. Antolatzaileek jada hainbat laguni jakinarazi diote deialdia. Baina jakinarazpena jaso ez duzuenok, izena aurrez eman beharko duzue, urriaren 19a baino lehen, Aitzaga tabernan jarria egongo den zerrendan. Edaria baino ez da ordaindu beharko.
Tiburtzioren omenez
Tiburtxio Arrutiren heriotzak samin handia eragin zuen herritar askoren artean. Azkenaldian lan handia egiten ari zen Gurea Pakea Jubilatuen Elkartean. Haren izenean hartzen zuen parte festetako jai batzordean. Eta batzordekide izandakoek, hain zuzen, bertso hau osatu zuten bere omenez.
TIBURTXIORI
Lagun bat bagenuen,
izpirituz gaztea,
Santixabel Batzordean,
gazte ta heldu artean,
guztiontzat maitea.
Mendia maite zuen,
maite zuen mendia.
Eta ostegun batean,
gailurretako bakean,
hartu zuen bidia.
Non hago, zer larretan,
Usurbilgo laguna,
mendi hegaletan gora,
oroitzapen den gerora,
ametsetan joan haizena?
(“Xalbadorren heriotza”ren doinua)
Santixabeletako Jai Batzordea