"Usurbilgo txokoak" argazki lehiaketa antolatu du Hurbilago Elkarteak

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 18a, 09:47

Hurbilago Elkarteak, Usurbilgo irudiekin apaindu nahi ditu herriko denda eta establezimenduak. “Usurbilgo txokorik eder eta berezienen” izeneko argazki lehiaketa antolatu du horretarako. Argazkilari amateur zein profesionalei zuzendua dago txapelketa. Bi kategoriatan banatuko dute ekimena, 4-16 urte arteko haur eta gazteek eta 17 urtetik gorako helduek parte har dezaten.

Beti ere baldintza batzuen baitan: parte hartzaile bakoitzak gehienez bi argazki aurkeztu ahalko ditu; Usurbilen eginiko argazkia izan beharko du (argazkiaren tokiko helbidea eta deskribapena adierazi); argazkiak aldez aurretik argitaratu gabea izan behar du, urriaren 1etik azaroaren 15era arteko tartean eginikoa; argazkiko edukien erantzule bakarra argazkia aurkeztu duenarena izango da soilik. “Identifika daitezkeen pertsonak agertzen diren argazkien kasuan, lehiakideek pertsona horien baimena izan beharko dute. Pertsona horiek bere irudiaren erabilera baimendu badute, Hurbilagok baimen hori eskatzeko eskubidea izango du”, ohartarazi dute Hurbilago Elkartetik.

Gaineratu dutenez, lehiaketako antolatzaileek kasuotan, lehiaketara aurkeztutako argazkiak txapelketatik kanpo uzteko eskubidea izango dute:

-Argazkiek parte hartzeko oinarrietako punturen bat betetzen ez dutenean.

-Argazkiak lehiaketaren gaiarekin bat ez datozenean.

-Antolatzaileen iritziz argazkiak, bere edukia dela-eta, gustu txarrekoak edo mingarriak gerta daitezkeenean. Edozein pertsona edo erakunderekiko konnotazio sexistak, xenofoboak, arrazistak edo ofentsiboak dituzten lanak baztertu egingo dira.

-Argazkiek gutxieneko baldintza teknikoak betetzen ez dituztenean.

Argazkiak azaroaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira, Ivan Perez argazkilariaren establezimenduan; Bordaberri 3, 2.lokala. Sari bikoitza iragarri dute; batetik haur eta gazteen kategorian Fujifilm XP90 argazki kamera, eta helduenean, Canon 760D + 18-55 mm EF-S IS STM kamera. Gainera, lehiakideek eginiko argazkiak herriko saltokietan jarriko dira ikusgai.

Argibide gehiagorako:

hurbilago.com

Facebook: Hurbilago