Primerako eguraldia asteazken honetan. Paseorako nahiz kirol jardueraren bat egiteko giro apropos askoa. Goiz eguzkitsuak hasiera bikain askoa ematen lagundu die, "Goazen kalera!" egitasmoko partaideei. Estreinaldi jendetsua izan du, Usurbilgo Udalak hainbat herri eragilerekin elkarlanean antolaturiko ekimenak. Ohitura osasuntsuak sustatzea du helburu eta adineko pertsonei nahiz dibertsitate funtzionala duten herritarrei zuzendua dago. Gaurtik aurrera, asteazken goizero, herrian barrena ibilaldiak egiteko aukera izango da, 11:00etan Artzabaletik abiatuta.
"Herrigunetik lau ibilbide zehaztu dituzte antolatzaileek, eta astero bat egingo dute. Horrez gain, asteazkenero ibilbideak egiten dituzten heinean, zigilu batekin partehartzaileen txartel propioak markatuko dira, eta aldizka ‘Hurbilago’ merkatari eta ostalari elkartearen eskutik sorpresatxoak egongo dira", iragarri dute. Eguraldi txarra eginez gero, Artzabalen geratuko dira parte hartzaileak, gorputza eta osasuna zaintzeko ariketak egiteko.
Egitasmo honetako sustatzaileek, ekimen honek dakartzan onurak nabarmentzen dituzte. "Bihotza sendoago edukiko duzu, zure tentsioa jaitsi egingo da, eta kolesterol eta azukre mailak murriztu egingo dira. Gainera lagun berriak egin ditzakezu, eta kontu kontari joanez ibilbidea arinagoa egingo zaizu", gogorarazten dute. Hurrengo hitzordua, urriaren 26an, goizeko 11:00etan Artzabalen.
"Goazen kalera!"
Epea: urriaren 19tik 2017ko ekainera.
Hitzordua: asteazkenero, goizeko 11:00etan Artzabalen.
Lau ibilbide:
1.ibilbidea: 1.900 metro. Bidea: Artzabaletik Bizarreko gainera, handik Kalezarrera eta buelta berriz Artzabalera.
2.ibilbidea: 1.300 metro. Bidea: Artzabal, Puntapax, Agerreazpi, Munalurra, Udarregi Ikastola, Bordatxoko errotonda eta Artzabal lotuko ditu.
3.ibilbidea: 1.900 metro. Bidea: Artzabal, Kaxkoa, Etxealdia, tren geltoki ingurura eta Atxega jauregira joan eta itzultzea.
4.ibilbidea: 3.200 metro. Bidea: Artzabal, Kaxkoa, Atallu industrialdea, Bizkarreko gainera joan eta itzultzeko ibilbidea.
Oharra: eguraldi txarra eginez gero, gorputza eta osasuna zaintzeko ariketak egingo dira Artzabalen.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala, Hurbilago merkatari eta ostalarien elkartea, Eusko Jaurlaritza, Osakidetza, Gure Elkartea, Gure Pakea Elkartea, Arrate Elkartea, DYA, Udarregi Ikastola, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Odol Emaileen Elkartea.