Ikusmina eragin duen lip-duba, ostiralean aurkeztuko dute jendaurrean

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 19a, 13:03

Ikusteko gogoz da herritar asko, emaitza ezagutzeko irrikitan. Bi egun baino ez dira geratzen, Erraustegia Erabakia herri plataformak urriaren 16an grabaturiko lipduba ikusteko. Grabazioarekin egin bezala, emaitza ezagutzeko unea ere denok batera bizitzea nahi dute. Horretarako antolatu du herri plataformak, ostiral honetarako, urriak 21, grabazioa aurkezteko jendaurreko ekitaldia. Ostiralean 20:00etan frontoian.

“Zorionak eta esker beroenak parte hartzaile guztiei”

Esker hitzok adieraziz, pozik asko agertu da Erraustegia Erabakia herri plataforma, urriaren 16ko lip-dub grabazioak izandako harrerarekin. Fermin Muguruzari ere eskerrak helarazi nahi dizkiote, “Hitza hartzera goaz” bere abestia erabiltzen uzteagatik.

800 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten lip-dub grabazioan. "Parte hartze izugarria", nabarmendu dutenez. "Kopuru ederra da, gizartearen parte hartzea aktibatuta dagoela erakusten duelako eta herritarron hitza kontuan hartu behar dela azpimarratu egiten duelako. Erraustegia ezarri nahi duten agintariek ezin diote ezikusiarena egin herritarren aldarrikapen honi", adierazi dute.

Ekimenak sustatuko parte hartzeak antolatzaileen aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Igandeko ekitaldian adierazi zena, herriaren isla izan dela diote. "Ikusi duzuen bezala, ekitaldi  irudimentsu, koloretsu, umoretsu eta bizia izan da gaur herritarron artean gauzatu duguna. Balore berezia du guretzat, gaurko ekitaldi hau herri osoaren isla izan delako; bertan izan dira jai batzordeko kideak, guraso taldeak, kirol taldeak, dantzakoak, musikariak, irakasleak, mendizaleak, feministak... elkarteen zerrenda luzea norbanako asko eta askorekin batera", azpimarratu dutenez.

Lip-dubean egin bezala, parte hartzera animatzen gaituzte asteburuko herri galdeketan.

Eskertza berezia gaztaingileei

Urtean zehar antolatzen diren hainbat ekimenetan parte hartzen dute, muxutruk, eta lan handia eginez. Lerroon bidez, urriaren 16an goizean goizetik lanean jardun zuten gaztaingileak eskertu nahi dituzte antolatzaileek.

Irudi bilduma osoa hemen: Lip-dub grabazioa