Bi hautetsontzi izango dira herri galdeketan, bat zubietarrentzat bestea gainerako herritarrentzat

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 19a, 13:35

2 egun baino ez dira geratzen, erraustegiaz erabakitzen hasteko. Eta 4 egun, erraustegiaz usurbildar eta zubietarrek duten iritzia ezagutzeko. Bi hautetsontzi izango baitira, Erraustegia Erabakia herri plataformak astebururako antolatu duen herri galdeketan; bat zubietarrentzat, bestea gainerako usurbildarrentzat. Gogoan izan, antolatzaileek finkatu dituzten galdeketako edozein egun, ordu eta lekuan parte hartu dezakezuela botoa emanez.

Egunotan, plataformak argitaratu duen aldizkaria jasoko zenuten etxean, barruan gutunazal bat eta bi boto paperekin. Galdeketan parte hartzeko balia ditzakezue boto paper eta gutunazalok. Halere lasai, asteburuan bozkalekuetan behar adina boto-paper eta gutunazal egongo baitira. Gerturatu, asteburuan zehar auzoetan edo igandean Kaxkoan egokituko diren hautes mahaietara. Hautatu bi bozka paperetako bat, gutunazalean sartu eta hautesontzira gerturatu. Bertan, boluntario lanetan jardungo duten herritarrak egongo dira. Haien eskutik jasoko dituzue behar beste argibide.

Mahaian dauden boluntarioiei nortasun agiria edo dokumentazioa erakutsi, eta lehendik ez dugula bozkatu egiaztatu ostean, botoa hautesontzian sartu ahalko dugu.

Herri galdeketari buruz jakin beharrekoak

Egunak: urriak 21 (ostirala), urriak 22 (larunbata) eta urriak 23 (igandea).

Galdetuko dena: "Erraustegia egitea nahi al duzu ala ez?".

Erantzun posibleak: "Bai" eta "Ez" dioten bi bozka paper izango dira aukeran. "Gutun-azala hutsik badago edo paper zuria badu, bozka zuritzat hartuko da. Eredu ofizialari egokitzen ez zaizkion bozka txartelak baliogabeak izango dira". Herritar bakoitzak behin bakarrik bozkatu ahalko du.

Nortzuk parte hartu ahalko duten: Usurbilen eta Zubietan erroldaturiko 16 urtetik gorako herritarrek. Guztira, 5.312 lagunek: Aginagan 271
, Santuenean 558, Zubietan 377
 (Donostiakoak eta Usurbilgoak eta Kaxkoan 4.106 herritarrek.

Galdeketa auzoka:

Urriak 21, ostirala: 16:00-20:00 Aginagako frontoia.

Urriak 22, larunbata: 9:00-14:00 Santueneko frontoia.

Urriak 22, larunbata: 16:00-20:00 Zubietako Kaxkape egoitza.

Urriak 23, igandea: 9:00-20:00 Kaxkoan, Askatasuna plazan.

Oharra: edozein mahaitan bozkatu ahalko da, norberari ondoen datorkion egun eta orduan.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

-DNI-NAN, EHNA+Errolda agiria, pasaportea edo gidabaimena.

-Espainiar estatuak herritartzat hartzen ez dituen pertsonek dokumentuotako bat erakutsi beharko dute: bizileku-txartela, jatorrizko estatuak jaulkitako nortasun agiria edo pasaportea, nortasun agiria/ziurtagiria, edo gidatzeko baimena.

Oharrak:

-Kasu guztietan, aurkeztu beharreko dokumentazioan bizitokia Usurbil edo Zubieta dela agertu beharko da. "Hala ez bada, Udalaren erroldatze ziurtagiria (aurkeztutako identifikazio-agiria baino berriagoa eta 2016koa) eraman beharko da".

-Agirien zenbakiak galdeketaren zioetarako besterik ez dira erabiliko eta bozka birritan ez dela ematen ziurtatzeko. Behin betiko emaitzak ezagutzera eman ondoren, zenbaki horiek deuseztatu egingo dira.

Bozka ematea:

Mahaiko kideek, bozka emailearen adina, usurbildarra edo zubietarra dela, eta aurretik ez duela bozka eman ziurtatu ondoren, bere NAN-aren edo atzerritarren kasuan bere dokumentuaren zenbakia apuntatuko dute.

Bozka zenbaketa:

Urriaren 23an 20:00etan hauteslekua itxi ostean, bozka zenbaketa ekitaldi publikoan egingo da. Emaitzaren akta altxatuko da eta emaitza, herritarrei ez ezik, Donostia eta Usurbilgo udalei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinaraziko zaie.

Berme Batzordea:

Herritarrez osatua egongo da. Galdeketa prozesu osoa ikuskatzea eta protokoloak ezartzen duenaren arabera betetzen dela bermatzea izango du bere zeregina.

Laguntzarako deia:

Erraustegiari buruzko herri galdeketa antolatzeak hainbat gastu eragingo ditu, eta biziki eskertzekoa izango da, herritarren diru-laguntza. Gastuei aurre egiteko laguntza biltzeko ekimen desberdinak abian ditu Erraustegia Erabakia herri plataformak:

-Kamisetak erosi ditzakezue 6 eurotan NOAUA! K.E.-ren egoitzan.

-Diru ekarpenak egin ditzakezue kontu zenbaki honetan: ES 36- 3035 0140 37 1400030079.

Informazio gehiago:

erraustegiaerabakia.wordpress.com


erraustegiaerabakia@gmail.com

Twitter: @U2erabaki

Antolatzailea: Erraustegia Erabakia Herri Plataforma.