Topaketa bana izan da gaur arratsaldean, Sutegin eta Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 19a, 12:45

Katixa Agirreren “Atertu arte itxaron” liburua komentatzeko taldetxo bat elkartu da, Sutegi udal liburutegian antolatu duten literatura topaketa berrian. Yolanda Arrieta Malaxetxebarria izan du gidari saioak. Hilabetea amaitu baino lehen, bigarren hitzordu bat ere antolatu du Sutegi udal liburutegiak; Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa saioa. Urriaren 26an izango da, arratsaldeko 18:00etan Sutegi udal liburutegian. Usurbildarraren saioa, HH5ekoei zuzendua egongo da.

Potxoenean aldiz, abian den "Kale irekiak", Usurbilgo espazio publikoa berrantolatzeko parte hartze prozesuko saioa egin da; emakumeen topaketa hain zuzen. Honatx hurrengo saioen egutegia:

Hurrengo saioen egutegia

Urriak 17-20, astelehenetik ostegunera

Haurren astea ikastolan eta herrian zehar: “Eman diezaiegun hitza umeei!”. “Umeek ere badute zer esanik Usurbilgo kale, plaza eta parkeen inguruan. Nork erabiltzen ditu kaleak beraiek baino gehiago? Nor da autoaren arriskua gehien jasaten duena? Nor da herriko txoko guztiak ezagutzen dituena? Herriko eskolarekin elkarlanean hainbat saio burutuko dira umeekin beraien Usurbil marraztu, oztopo eta beharrak identifikatu eta proposamenak jasotzeko”.

Hurrengo saioen egutegia

Urriak 22, larunbata

10:00 Batzarra Potxoenean: “Eguneroko bizimodua eta mugikortasuna”. "Saio honetan, herrian gehien erabiltzen ditugun espazioak identifikatu eta aztertuko ditugu. Aproposak al dira ditugun beharretarako? Egokiak al dira umeak bakarrik egoteko? Adinekoak elkartzeko? Gauez bertatik pasatzeko? Usurbilen erradiografia honekin herritarrok dauzkagun traba eta oztopoak identifikatu eta etorkizunean babestu eta indartu beharrekoak zeintzuk diren jakingo dugu".

Urriak 26, asteazkena

18:30 Emakumeon topaketa Potxoenean: Ibilaldia herrian zehar. "Usurbilgo Udalak martxan jarri duen "Kale Irekiak" proiektuan lehendabizi nolako Usurbil nahi eta behar dugun erabakiko dugu herritarrok parte hartze bidez. Usurbilek txoko ugari ditu, baina, ez dira denontzako aproposak. Aztertu ditzagun bada ibilalditxo bat egiten dugun bitartean, eta ireki ditzagun guretzako itxiak direnak; positiboz eta negatiboz jantziko dugu herria hausnarketa egiten dugun bitartean".

Azaroak 2, asteazkena

18:30 Batzarra Potxoenean: "Aurreko egunetako lan-saioetan sortu eta aztertutako materialean oinarrituta konponbideak, hobekuntzak eta aldaketak proposatuko ditugu; herritarron bizitza atseginagoa eta errazagoa izan dadin lagunduko dutenak. Zeuk ere baietz proposamenen bat izan? Animatu parte-hartzera!".

Otsailean...

Plan Zuzentzailea egingo da eta "espazio urbanoaren inguruan proposatu dituzuen aldaketak aurkeztu eta herriarentzat lehentasuna dutenak zeintzuk diren erabakiko dugu orduan".

Antolatzailea: Usurbilgo Udala.