Hitza hartzen hasteko egun bakarra baino ez da geratzen. Erraustegia Erabakia herri plataformak antolaturiko herri galdeketa abiatzeko bezperan gaude. Aginagako frontoian izango da botoa emateko lehen aukera, ostiral honetan, 16:00-20:00 artean. Gogoan izan, Usurbilen nahiz Zubietan erroldaturiko 16 urtetik gorako herritar orok parte har dezakeela galdeketan, eta urriaren 21, 22 eta 23rako finkatu diren hitzorduetan, noiznahi eta nonahi eman dezakezuela botoa.
Herri plataformatik parte hartzeko deia egin dute. "Zure botoak garrantzia du", azpimarratzen dute, atzera kontua neurtzeko gune desberdinetan jarri dituzten paneletan. Ostegun goiz honetan, Bordatxo taberna aurreko errotondan jarria dagoen panelak argi dio; 3 egun baino ez dira falta jada, usurbildar eta zubietarren iritzia ezagutzeko. Erraustegiaz erabakitakoa ezagutzeko. Erraustegiaz dugun iritzia plazaratzeko aldiz, egun bakarra baino ez da geratzen. Hitza hartzeko ordua heldu da.
Herri galdeketari buruz jakin beharrekoak
Egunak: urriak 21 (ostirala), urriak 22 (larunbata) eta urriak 23 (igandea).
Galdetuko dena: "Erraustegia egitea nahi al duzu ala ez?".
Erantzun posibleak: "Bai" eta "Ez" dioten bi bozka paper izango dira aukeran. Boto-paperak hauteskunde-mahaietan izango dituzue. "Gutun-azala hutsik badago edo paper zuria badu, bozka zuritzat hartuko da. Eredu ofizialari egokitzen ez zaizkion bozka txartelak baliogabeak izango dira". Herritar bakoitzak behin bakarrik bozkatu ahalko du.
Nortzuk parte hartu ahalko duten: Usurbilen eta Zubietan erroldaturiko 16 urtetik gorako herritarrek. Guztira, 5.312 lagunek: Aginagan 271 , Santuenean 558, Zubietan 377 (Donostiakoak eta Usurbilgoak eta Kaxkoan 4.106 herritarrek.
Galdeketa auzoka:
Urriak 21, ostirala: 16:00-20:00 Aginagako frontoia.
Urriak 22, larunbata: 9:00-14:00 Santueneko frontoia.
Urriak 22, larunbata: 16:00-20:00 Zubietako Kaxkape egoitza.
Urriak 23, igandea: 9:00-20:00 Kaxkoan, Askatasuna plazan. 20:00etan bozken zenbaketa, ekitaldi publikoan.
Oharra: edozein mahaitan bozkatu ahalko da, norberari ondoen datorkion egun eta orduan.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
-DNI-NAN, EHNA+Errolda agiria, pasaportea edo gidabaimena.
-Espainiar estatuak herritartzat hartzen ez dituen pertsonek dokumentuotako bat erakutsi beharko dute: bizileku-txartela, jatorrizko estatuak jaulkitako nortasun agiria edo pasaportea, nortasun agiria/ziurtagiria, edo gidatzeko baimena.
Oharrak:
-Kasu guztietan, aurkeztu beharreko dokumentazioan bizitokia Usurbil edo Zubieta dela agertu beharko da. "Hala ez bada, Udalaren erroldatze ziurtagiria (aurkeztutako identifikazio-agiria baino berriagoa eta 2016koa) eraman beharko da".
-Agirien zenbakiak galdeketaren zioetarako besterik ez dira erabiliko eta bozka birritan ez dela ematen ziurtatzeko. Behin betiko emaitzak ezagutzera eman ondoren, zenbaki horiek deuseztatu egingo dira.
Bozka ematea:
Mahaiko kideek, bozka emailearen adina, usurbildarra edo zubietarra dela, eta aurretik ez duela bozka eman ziurtatu ondoren, bere NAN-aren edo atzerritarren kasuan bere dokumentuaren zenbakia apuntatuko dute.
Bozka zenbaketa:
Urriaren 23an 20:00etan hauteslekua itxi ostean, bozka zenbaketa ekitaldi publikoan egingo da. Emaitzaren akta altxatuko da eta emaitza, herritarrei ez ezik, Donostia eta Usurbilgo udalei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinaraziko zaie.
Berme Batzordea:
Herritarrez osatua egongo da. Galdeketa prozesu osoa ikuskatzea eta protokoloak ezartzen duenaren arabera betetzen dela bermatzea izango du bere zeregina.
Laguntzarako deia:
Erraustegiari buruzko herri galdeketa antolatzeak hainbat gastu eragingo ditu, eta biziki eskertzekoa izango da, herritarren diru-laguntza. Gastuei aurre egiteko laguntza biltzeko ekimen desberdinak abian ditu Erraustegia Erabakia herri plataformak:
-Kamisetak erosi ditzakezue 6 eurotan NOAUA! K.E.-ren egoitzan.
-Diru ekarpenak egin ditzakezue kontu zenbaki honetan: ES 36- 3035 0140 37 1400030079.
Informazio gehiago:
erraustegiaerabakia.wordpress.com
erraustegiaerabakia@gmail.com
Twitter: @U2erabaki
Antolatzailea: Erraustegia Erabakia Herri Plataforma.