Jendetsua izango da, Usurbil F.T.-ren larunbateko 40. urtemuga festa

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 20a, 08:45

Jendetsua izatea aurreikusten den jaialdia antolatu du Usurbil F.T.-k larunbaterako, bete berri dituen 40 urteak ospatzeko. Futbol taldeen bilgunetik NOAUA!ri aurreratu dioten datu bat horren erakusle: Saizar Sagardotegian antolatu duten bazkaritarako txartelak aurrez salgai jarri zituzten Bordatxo, Benta eta Txiriboga tabernetan. 150 sarrera salduak zituzten astearterako. Txartelak ere agortu ziren, eta gehiago jarri behar izan zituzten salgai. Ostegun hau duzue, txartelak eskuratzeko azken eguna; Bordatxo eta Benta tabernetan eskura ditzakezue.

Usurbil F.T.-ren 40. urtemugako ospakizunak

Urriak 22, larunbata

12:00 Futbol partida irekia Haranen. "Gerturatzen direnekin jolastuko dugu".

14:30 Bazkaria Saizar Sagardotegian eta argazki erraldoia bertaraturikoekin. Txartelak salgai Bordatxo eta Benta tabernetan, urriaren 20ra arte.

Ondoren, Dj Larra.

Antolatzailea: Usurbil F.T.

40 urteon errepasoa, protagonisten eskutik

Garaiko gazteei alternatiba bat eskaintzeko sortu zuten. Ibilbide luze batek bere baitan izaten dituen une zailak gainditzen jakin dute. Une pozgarri asko eman dizkiote herriari. Eta 40 urte ospatzera heldu dira, alternatiba izatetik proiektu sendo bat edukitzera pasata. Badu zer ospatua Usurbil F.T.-k larunbaterako antolatu dituen ospakizunetan, lau hamarkadotako historia laburbildu diguten zuzendaritza ezberdinetako kide eta presidentes NOAUA!ri adierazi diotenez.

Garai desberdinetako zuzendaritzako kide eta lehendakarien lekukotzak bildu ditugu, aldizkari honetarako: Antxon Aguaron, Jose Fernandez, Mikel Uribe, Joxe Antonio Segurola, Oskar Martin, Imanol Bereziartua, Tema Iturrioz eta Nagore Unanuerenak. Helbide honetan irakur ditzakezue: 674. NOAUA!, urriak 21