Erraustegiaz iritzia emateko 1.185 herritarren eskaera, herri plataformak bideratua

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 21a, 09:33

Asteburu honetan ospatuko den herri galdeketak ia urtebeteko bidea osatu du, beheko kronologian laburbildu dugun moduan. Herri plataforma bat osatu zen lehenik galdeketa Udalari antolatzea eskatzeko. 1.185 herritarren atxikimenduak bildu eta Udalari helarazi zizkioten. Udalak erraustegiari buruzko galdeketa antolatzeko baimena eskatu zion Espainiko Gobernuari, baina Madriletik debekua jaso zuen. Honen aurrean, Udalak herritarren esku utzi zuen galdeketa antolatzeko aukera, eta Erraustegia Erabakia herri plataformak ekainean eginiko asanbladan, galdeketa antolatzea erabaki zuen.

Erakundeen inongo babesik gabe eta horrek noski, herri plataformakoen antolaketa lana baldintzatu du. Finantziazioa, baliabideak (mahaiak, boto paperak, azpiegitura osoa...)... Guztia plataformak bere kasa eskuratu behar izan du, eta hilabeteotan hainbatetan egin diete laguntzarako deia, herritar eta eragile desberdinei.

Jasotako laguntza horrekin osatu dute besteak beste, galdeketa baldintza guztiekin antolatu eta ospatuko dela ziurtatuko duen Berme Batzordea. Informatikari talde bat ere osatu behar izan dute. "Ez dugu erroldarik, honenbestez zerrenda bat osatu behar dugu bozka ematen ari diren pertsonekin", aipatu digute Erraustegia Erabakia herri plataformatik. Erroldarik ez izateak ere lana zaildu die. Pertsona batek bitan bozka ez dezan, halako arazoak saihesteko sistema informatiko bat prestatu behar izan dute. Asteburuan zehar ospatuko den herri galdeketan izango dira informatikariok, landu duten sistemaren funtzionamendu egokia bermatu eta arazorik sortuko balitz, unean bertan konpondu ahal izateko.

Udalak jasotako debekuak herri galdeketa ospatzeko balizko lekuetan ere eragin du. Ezin izan dituzte hauteskundeetako ohiko guneak baliatu, asteburuko galdeketarako. Horregatik, guztion eskuragarri dauden toki alternatiboak, plaza eta frontoiak hautatu dituzte herritarrei erraustegiaz galdetzeko.

Lan guztiotarako herritarren laguntza ezinbestekoa izan da. Herri plataformatik adierazi digutenez, "erantzuna oso ona izan da. Jende askok baiezkoa eman digu, lan egiteko prest dagoela. Prestutasun handia erakutsi dute".

Galdeketak jorraturiko bidea

2015/10/30: Erraustegia Erabakia herri plataformaren agerraldi aurkezpena, Mikel Laboa plazan.

2015/11/07: Erraustegia Erabakia jendaurrean aurkezteko lehen batzarra egin zuten Potxoenean.

2015/11-2016/01: Usurbilgo Udalari erraustegiari buruzko herri galdeketa antolatzea eskatzeko sinadurak biltzen aritu zen herri plataforma.

2016/01/30: 1.185 usurbildarren sinadurak bildu ostean, sinadurok Usurbilgo Udalari entregatu zizkion Erraustegia Erabakia herri plataformak.

2016/02/23: osoko ohiko bilkuran, gehiengo osoz herri galdeketa eta galdera onartu zituzten gehiengo osoz: "Usurbilgo hondakinak tratatzeko erraustea egoki iruditzen al zaizu?".

2016/03/04: Usurbilgo Udalak erraustegiari buruzko galdeketa antolatzeko eskaera luzatu zion Espainiako Gobernuari.

2016/05/13: erraustegiari buruzko herri galdeketa egitea debekatu zuen Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak.

2016/05/19: debekuaren aurrean, Usurbilgo Udalak galdeketa egiteko eskumena herritarrei itzuliko diela jakinarazten du.

2016/06/18: Udalak galdeketa egiteko eskumena herritarrei itzuli ostean, batzar irekia deitu zuen Erraustegia Erabakiak Udarregi Ikastolako erdiko aretoan. Galdeketa antolatzea erabaki zuten.

2016/07/02: erraustegiari buruzko herri galdeketa antolatzeko lekukoa hartu zuten herritarrek, jaietan Dema plazan deitu zuten agerraldi jendetsuan.

2016/07/08: herri galdeketa antolatzen hasteko batzarra egin zen Potxoenean.

2016/07/18: herri galdeketaren prozedura aurkeztu zuen Erraustegia Erabakia herri plataformak, Potxoenean eginiko agerraldian.

2016/09/07: Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak tarteko, galdeketa urriaren 2tik urriaren 21, 22 eta 23ra atzeratzea erabaki zen.

2016/09/17: herri galdeketari begira herritarrez osaturiko Berme Batzordea aurkeztu zen jendaurrean.

2016/09/24: urriaren 16ko lib-dup grabazioaren aurkezpena eta gazteen atxikimendu argazkia.

2016/09/29: Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko bi kideren hitzaldia antolatu zuen Erraustegia Erabakia herri plataformak Sutegin.

2016/10/13: galdeketara begirako parte hartzea sustatzeko aldizkaria argitaratu zuen herri plataformak.

2016/10/16: lip-dub grabazio jendetsua Usurbilen.

2016/10/21, 22, 23: erraustegiari buruzko herri galdeketa.