Herritarrek hitza hartzeko ordua heldu da. Ostiral honetatik igandera, erraustegiari buruz duten iritzia emateko aukera izango dute usurbildar eta zubietarrek, Erraustegia Erabakia Herri Plataformak auzoka eta 3 egunez antolatu duen herri galdeketan. Asteburuan zehar bildutako bozkak ez dira zenbatuko igande iluntzera arte; hau da, urriaren 23an, Kaxkoan, Askatasuna plazan igande goizeko 09:00etatik 20:00etara zabalik izango den bozkatzeko epea itxi arte.
Igande iluntzeko 20:00etan beraz, galdeketan parte hartzeko epea agortu bezain pronto ekingo zaio bozka zenbaketari. Antolatzaileek ekitaldi publiko bidez iragarri dute egingo dela bozka zenbaketa. Gogoan izan, botoak jasotzeko bi ontzi egongo direla; bat zubietarrentzat, bestea gainerako herritarrentzat. Horri esker, bi emaitza jasoko ditugu; zubietarrek erraustegiaz adierazi dutena, eta bestetik gainerako herritarrek emandako iritzia.
Erraustegia eraikitzea nahi ez dutenen eta aldekoen bozka kopurua eta ehunekoa ezagutzeko moduan izango gara beraz igande gauean. 2 egun baino ez, erraustegiaz zubietarrek eta usurbildarrek erabakitakoa plazaratzeko.
Antolatzaileek ohartarazi dutenez, asteburuko herri galdeketako "emaitzaren akta altxatuko da eta emaitza, herritarrei ez ezik, Donostia eta Usurbilgo udalei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinaraziko zaie". Ohar garrantzitsu bat; herri galdeketan parte hartu dutenen datuak deuseztatu egingo dira, galdeketa amaitu ostean.
"Erraustegia egitea nahi duzu?"
Bai: ??
Ez: ??